Saxonia Beherea
(Al. Niedersachsen). Alemaniako ipar-mendebaleko land edo lurraldea. 1946. urtean eratu zen, Hannover, Brunswick, Oldenburg eta Schaumburg-Lippe lurraldeak batu ondoren. Mugak: iparraldean, Ipar itsasoa; ekialdean, Schwerin eta Magdeburgo; hegoaldean, Ipar Renania-Westfalia eta Hessen, eta mendebalean, Holanda. Frisiako herrialde batzuk hartzen ditu iparraldean. 47.438 km2 eta 7.196.127 biztanle (1987). Hiriburua: Hannover. Hiri nagusiak: Braunschweig, Göttingen, Oldenburg, Osnabrück, Salzgitter eta Wilhelmshaven. Saxonia Beherea lurralde laua da, Ipar Alemania bezalakoa. Frisiako kostaldean polderrak daude, itsasoari irabazitako lurraldeak. Mendi apal batzuk daude hegoaldean (Teutoburger Wald, Weser-ko mendiak eta Harz mendiak). Elba, Ems, Hunte eta Aller dira ibai nagusiak. Klima aldaketa bortitzik ez da, neguak hotz samarrak dira eta udak epelak; euria, 600-900 mm batez beste urtean. Behe-alemanaz mintzo dira bertako biztanleak oro har, eta frisieraz Frisia aldean. Nekazaritza garrantzitsua da (garia, oloa, garagarra, patata; behi azienda eta esnekiak). Garraio sarea ongi hornitua dago; burdinbideez eta errepideez gainera, berebiziko garrantzia dute ibaiek eta ubideek (Mittelland eta Dormunt-Ems ubideek bereziki), haietatik bideratzen baita Ipar itsasorako garraioaren parte handi bat. Weser eta Elba ibaiak ontzitarako dira kilometro askotan, eta munta handiko portuak dira Wilhelmshaven, Emden, Nordenham eta Brake. Hannover-en da nazioarteko aireportu handiena.
- Saxo Grammaticus
- saxo
- saxofoi
- saxofonista
- saxoi
- Saxonia Beherea
- Saxonia
- Saxonia
- Saxoniako kondea
- saxoniar
- saxoniera