Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Saxonia

(Al. Sachsen). Alemaniako erdi-ekialdeko lurraldea, bi land-etan (Saxonia, hegoaldean, eta Saxonia-Anhalt, mendebalean) eta bost barrutietan (Magdeburgo, Halle, Leipzig, Chemnitz eta Dresde) banatua. 20.297 km2 eta 4.000.000 biztanle inguru. Hiri nagusia: Dresde. Hiri garrantzitsuak: Dessau, Görlitz, Halle, Chemnitz (Karl-Marx-Stadt deitua), Leipzig, Magdeburgo, Meissen, Wittenberg. Lurralde zelai samarra da, mendi garairik gabekoa, goi-ordokia nagusi dela. Elba, Elster, Mulde eta Saale dira ibai garrantzizkoenak. Nekazaritza garrantzitsua da (patata, laboreak, azukre-kanabera), eta Ekialdeko Alemaniako industrialde nagusia izan da (metalgintza, kimika industria, janari industria, ehungintza eta industria tradizionala); ikatzarri (Görlitz, Leipzig, Zwickau) eta potasa hobi garrantzitsuak ditu, baita gesaltza eta metal hobiak ere.