Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

saxoniar

iz. eta izlag. Herri germaniar bateko kideaz esaten da. K.a. II. mendean egungo Schleswig eta Itsaso Baltikoaren ertzeko lurraldeetan bizi ziren saxoniarrak. Erromako inperioaren gainbehera hasi zenean, mendebaleko lurraldeetara hasi ziren zabaltzen eta ontziteria beldurgarria eratu zuten Ipar Itsasoan. V. mendean Galiako iparraldeko eta Britainiako kostaldeetara jo zuten eta frisiarrak finkatu ziren Ipar Itsasoaren ertzeko lurraldeetan. Harreman handiak izan zituzten frisiarrek eta saxoniarrek; badirudi, bestalde, garai batean ez zela haien artean bereizkuntzarik egin, eta frisiarrak eta saxoniarrak elkarrekin bizi izan zirela Britainiako uhartean, anglo eta jute herri germaniarrekin batean. 772. urtean Karlomagno errege frankoak eraso zien Germaniako ipar-mendebaleko saxoniarrei eta, 32 urteko gerra baten ondoren, menderatu zituen. IX. mendean hasi ziren saxoniarrak kristautzen.