Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Saxonia

(Al. Sachsen). Alemaniako iparraldeko antzinako lurraldea, saxoniarren lurra. Antzina Saxoniak K.o. 200-700 urteen bitartean tribu germaniar saxoniar batek kolonizatu zuen lurraldea, gaur egungo Holstein eta Elba ibaiaren mendebaleko partea (gaurko Saxonia Beherea), frisiarren lurra arte, hartzen zituen. XII. mendetik aurrera, Elba ibaiaren ekialdeko lurretara zabaldu ziren saxoniarrak. Gaur egun, Saxonia Beherea (Al. Niedersachsen), Alemaniako ipar-mendebalean, eta Saxonia (Al. Sachsen), Alemaniako erdi-ekialdean, bereizten dira.  v  Historia. K.o. 200. urte aldera kokatu ziren saxoniarrak egungo Alemaniako ipar-mendebalean. V. mendean mendebal aldera zabaldu ziren, eta haietako asko Britainiako uhartera igaro ziren. VIII. mendearen bukaeran, Karlomagno errege frankoa nagusitu zen haien lurraldeaz, eta urte haietan hasi ziren saxoniarrak kristautzen. 843. urtean, frankoen ekialdeko erreinuaren, edo Germaniako erreinuaren, barnean geratu zen Saxonia. X. mendean sortu zen Saxoniako dukerria eta 919. urtean Germaniako enperadore egin zuten Oton Handia, Henrike Saxoniako dukearen semea. 1024 arte Germaniako erregeak eman zituen Saxoniako dinastia sortu zuen Henrike Saxoniakoak; germaniarrak ekialdeko lur eslaviarretara zabaldu ziren garai hartan. 961-1106 bitartean Billung familiaren esku egon zen duke titulua. 1142an Welf etxearen eskuetara igaro zen, eta 1180an Frederiko I.a Bizargorrik dukerria hautsi eta bi lurraldek hartu zuten aurrerantzean Saxonia izena: Saxonia-Lauenburg-ek, Holstein-en hego-ekialdean, eta Saxonia-Wittenberg-ek, Elba ibaiaren erdialdeko arroatik ekialdera. XIII. mendean hautesle titulua eman zioten Saxoniako dukeari eta 1260. urtean betiko bereizi ziren Lauenburg-eko eta Wittenberg-eko etxeak. 1356an hautesle izateko eskubidea eman zioten Wittenberg-eko etxeari. 1689an galdu zen Lauenburg-eko etxea, Hannover-koarekin elkartu ondoren. 1422an ondorengorik gabe geratu zen Wittenberg-eko etxea eta Frederiko I.a Wettin-goaren eskuetara igaro zen dukerria. Saxonia izena Wettin etxearen lurraldeetara igaro zen (Lepizig-Osterland, Lusazia, Turingia). 1485ean, bi lerrotan banatu zen Wettin etxea: Albertarrak (ekialdeko lurrak) eta Ernestotarrak (mendebaleko lurrak). XVI. mendean Albertotarrek eskuratu zuten hautesle titulua eta, Erreforma protestantearekin bat egin ondoren, lurrak kendu zizkieten Ernestotarrei Turingian eta Wittenberg-en. Leipzig egin zuten hiriburu. Jurgi I.a Saxoniakoak gidatu zituen alemaniar protestanteak Hogeita Hamar Urteko Gerran (1618-1648). Ordutik aurrera, ordea, Brandenburgo-Prusiako etxea hasi zen Alemanian nagusitzen, eta Polonian jarri zituen begiak Saxoniako etxeak. 1697an Poloniako errege egin zuten Frederiko Augusto I.a Saxoniakoa, eta etxe haren esku egon zen erreinua 1768 arte. 1806an konkistan hartu zuen Saxonia Napoleonek; Vienako kongresuaren ondoren (1814-1815), Prusiaren eskuetara igaro ziren Wittenberg, Torau, Turingiako iparraldea eta Lusaziako alde handiena. Saxoniako gainerako lurrak Germaniako konfederazioaren barnean geratu ziren. 1848ko iraultzaldian agintetik kendu zuten Frederiko Augusto II.a, eta 1849an Prusiak ezarri zuen berriro agintari. 1871n, Alemaniako lehen Reich edo inperioaren barnean geratu zen Saxoniako erreinua. Industriaren hazkundearekin batera, garrantzi handia hartu zuen sozialdemokraziak hurrengo urteetan. 1918an deuseztatu zuten Saxoniako erreinua, eta Hitler-en garaian (1933-1945) land bat eratu zuten Saxonian. 1948tik aurrera, Saxoniako erreinuko lurraldeak Alemaniako Ekialdeko Errepublika Demokratikoaren barnean geratu ziren (Magdeburgo, Halle, Leipzig, Karl-Marx-Stadt, Dresde eta Cottbus bezirke edo barrutietan).