Ruiz de Alda Miqueleiz, Julio
Nafar militarra (Lizarra, 1897 - Madril, 1936). Kapitaina zen pilotu titulua jaso zuenean. Horri esker hartu zuen parte, hegoaldeko ibilbidetik, Ozeano Atlantikoa airez zeharkatzeko hegalaldian, Plus Ultra izeneko hegazkinean, 1926. urtean. Palos de Moguer-etik irten ziren 1926. urteko urtarrilaren 22an eta otsailaren 10ean iritsi zen Buenos Airesera beste hiru lagunekin batera. Bidaiaren gorabeherak De Palos al Plata liburuan jaso zituen Julio Ruiz de Aldak (1926). 1933. urtean politikan hasi zen, eta Falange Española alderdiaren aitzindaria izan zen José Antonio Primo de Rivera eta Antonio García Valdecasasekin batera. Madrilen zen Gerra Zibila hasi zenean eta atxilotu ondoren hil egin zuten.