Ruiz Antxia, Juan Antonio
Zinemako argazki zuzendari bizkaitarra (Bilbo, 1949). Madrilgo Zinema Eskola Ofizialean egin zituen ikasketak (1972). Ondoren, beka bati esker, Hollywoodeko (AEB) American Film Instituten filmak argitzen ikasi zuen. Kalifornian ikasketak bukatu eta berehala Fox ekoiztetxean hasi zen lanean. Orduz geroztik, Hollywooden argazki zuzendari gisa lanean dihardu, eta Hollywoodeko Akademiako kide da. 1998. urtean, Goya saria irabazi zuen Antonio Betancoren Mararía filmean egin zuen lanagatik. Donostiako Zinemaldiko 2000ko edizioan Amalur saria eman zioten bere ibilbide profesionalagatik. Ia berrogei filmetan lan egin du, besteak beste Chillida (1978), The seventh sign (1988), Dying young (1991), Glengarry Glen Ross (1992), Mr. Jones (1993), The Corruptor (1999), The Crew eta New Port South (2000).