Ruhr
Alemaniako mendebaleko ibaia (Ipar Renania-Westfalia), Rhin ibaiaren adarra. 235 km. Winterberg mendiaren iparraldeko mazelean du iturburua eta Witten (ontzietarako ibaia da hiri horretatik aurrera), Essen eta Mülheim-go hiriak igaro ondoren Rhin ibaian isurtzen du ura Duisburg-eko hirian. Möhne (eskuinaldetik) eta Lenne (ezkerraldetik) ditu adar nagusiak. Munduko industrialde garrantzitsuenetako bati ematen dio izena Ruhr ibaiak. v Ruhr-ko arroa (Al. Ruhrgebiet). 100 km inguru luze da, Wesel eta Hamm hirien artean dago, eta 40 km-ko zabalera du batez beste. 6.000.000 biztanle 4.000 km2-tan. Honela banatzen da langileria, alor nagusien arabera (1984): 340.000 meatzari, 250.000 langile metalgintzan, 700.000 mekanika industrian, 300.000 ehungintzan eta 213.000 kimika industrian. Ikatz ekoizpenari esker (100 milioi tona urtean, Rhin, Ruhr eta Lippe ibaien arteko lurretan. 50.000 milioi tona erreserban) finkatu ziren altzairuaren industria eta zentral termikoak. Hiru eskualde nagusi daude Ruhr aldean: hegoaldean dago lehen ustiatu zen meatzealdea (ahitua ia gaur egun); mekanika industria, ehungintza (Wupper ibairen haranean) eta kimika industria (“Bayer” lantegiak Leverkusen-en, Wuppertal) dira nagusi. Erdialdean, Rhin eta Rhur ibaien artean, industria astuna dago: Duisburg (munduko ibai portu handiena), Oberhausen, Essen, Bochum, Gelsenkirchen, Dortmund. Iparraldean dago erreserba-aldea (Dorsten, Marl, Datteln). Komunikabide sarea guztiz trinkoa da: burdinbideak igarotzen du, eta ubideen (Rhin-Herne) eta aireportuen (Düsseldorf) bitartez bideratzen da itsaso eta aire bidezko garraioa. Düsseldorf da lurralde horretako finantza eta administrazio hiriburua. v Historia. Ruhr aldeko ikatz-hobiak Erdi Aroan hasi ziren ustiatzen; XIX. mendearen hasieran ekin zioten Krupp eta Thyssen trust handiek ikatz ustiatze zabalari eta altzairugintzari. 1918 arte, Alemaniaren mende zegoen Lorrenatik eramaten zen burdina gehiena, baina Lehen Mundu Gerraren ondoren beste leku batzuetatik inportatu behar izan zuten. 1923an gudaroste frantsesa sartu zen Ruhr-ko arroan, Alemaniak gerra ondoko kalte-ordainak ordaintzen ez zituela eta. 1925ean amaiatu zen okupazioa. 1933tik aurrera, Ruhr aldean jarri zuen Hitler-ek gerrarako industria eta Bigarren Mundu Gerraren amaieran gupida gabe bonbardatu zuten aliatuek industrialde hura. Gerraren ondoren estura handietan geratu zen Ruhr aldea; Konzern edo enpresa-elkarte handiak (Krupp, Thyssen, Stines, Mannesmann) deuseztatu zituzten 1945ean, baina ondorengo urteetan eraberritu ziren. 1946an sortu zuten Renania-Westfalia (Al. Nordrhein-Westfalen) lurraldearen barnean geratu zen Ruhr aldea. 1958-1968 bitartean aldakuntza handiak egin ziren energia iturri gisa ikatzaren ordez petrolioa erabiltzeko, eta berritze plangintza handi bati ekin zitzaion 1966an.