Ruiz Balerdi, Rafael
Gipuzkoar pintorea (Donostia, 1934 - Altea, Alacant, 1992). Txillidaren lantegian lehen urratsak eman ondoren Madrilgo San Fernandoko Arte Ederretako eskolara joan zen 1954an eta Gipuzkoako pintore berrien saria eskuratu zuen hurrengo urtean Donostian. 1960 ondorengo urteetan Madrilen hartu zuen bizilekua eta akuaforteren teknika ikasi zuen Dimitri Papageorgiu maisuarekin. Euskal Eskolako “Gaur” taldearen sortzaileetariko bat izan zen 1966an eta Mexikoko euskal eskultura eta pinturaren erakusketan parte hartu zuen (1970). Erakusketa garrantzitsuetan parte hartu zuen harrez gero, Espainian, Estatu Batuetan eta Euskal Herrian, batez ere. Informalismoaren aitzindaria izan zen Euskal Herrian; modu zoragarri batean nahasten zituen kolorea eta formak.