Rouch, Jean
Frantses etnografoa eta zinemagilea (Paris, 1917). Zineman egin zituen lehenengo saioak bere etnografo lanbidearen luzapen modukoak izan ziren, Au pays des magies noires (1947, Magia beltzen herrialdean) esaterako. Afrikar gizarteak Europarentzat ispilu bat direla eta Europak horietara begiratzen ikasi behar duela aditzera eman zuen zenbait lanetan: Les Maîtres-Fous (1955, Maisu eroak). Bi herrialdeen arteko harreman horretan (nahasia eta zaila) oinarri ziren Rouchen ondorengo filmak: Moi un Noir (1958, Ni beltz bat) eta La Pyramide humaine (1959, Giza piramidea). Lan horietan, Rouchek ez du besterik gabe arrazismoaren kontra egiten, aldiz, saiatzen da batzuen eta besteen arteko berdintasunak eta ezberdintasunak azaltzen. Chronique d'un été (1960, Uda baten kronika) ez da errealitatea zuzen-zuzenean erakusten duen zinemaren adibide, baina frantses gizarteko hainbat sektoretako galdeketa etnografikoaren arauen bidez, liskarren, blokeoen eta bazterketen berri ematen da. La Chasse au lion à l'arc (1965, Lehoiaren ehiza arkuarekin) filmarekin Afrikara itzuli zen. Ondorengo lanetan, ordea, fikziozko osagaiak sartzen hasi zen, afrikar kontakizunetatik hartutako fabulak: Jaguar (1967), Petit à petit (1970, Apurka-apurka), Cocorico Monsieur Poulet (1977), Madame l'eau (1992, Andre ura), la Vache merveilleuse (1995, Behi miragarria).