Rouaud, Jean
Frantses idazlea (Nantes, 1952). Unibertsitate ikasketak amaitu zituenez gero hainbat lanbidetan jardun du Rouaudek, eta hain zuzen ere Parisko kiosko batean lanean ari zenean lortu zuen ospea, 1990ean Goncourt saria eman ziotenean Champs d’honneur (Ohorearen zelaiak) bere lehen eleberriagatik. Lan hartan bere aitonak Lehen Mundu Gerran izandako bizipenak hartu zituen kontagai. Harrezkero literaturan murgildu zen buru-belarri eta beste lau eleberri luze argitaratu ditu: Des hommes illustres (1993, Gizon ospetsuak), Monde à peu près (1996, Mundua gutxi gorabehera), Très riches heures (1997, Hiru ordu aberats) eta Pour vos cadeaux (1998, Zure opariengatik). Bere lan guztietan zehar egileak bere familiaren istorio txiki eta handiak agertzen ditu, eta horrela kontakizun oso, zabal eta orokorra osatzen ari da. Prosa bikaina darabil Rouaudek, lirika eta epika bateratuz, antzinako kronika bat idazten ari bailitzan; umore handiz idatziak dira bere kontakizunak, nahiz eta doinu gazi-gozoa duten, ironia eta samurtasuna bateraturik. Gaurko zenbait idazle ospetsuren eragina nabarmentzekoa da bere obran, adibidez Faulknerrena edota Nabokovena.