Rouault, Georges
Frantses pintore espresionista (Paris, 1871 - Paris, 1958). Parisko Arte Ederretako eskolan sartu zen 1891n eta Gustave Moreau pintore sinbolistaren ikasle izan zen. Fauvisten taldeko kide izan zen eta 1905. urteko erakusketa fauvistan parte hartu zuen. Akuarela erabili zuen batez ere Lehen Mundu Gerra amaitu zen arte; bizitza modernoko alde kontrajarriak (prostitutei, pailazoei eta epaileei buruzko koadro sailak) kritikatu zituen zorroztasun handiz, ikuspegi kristau sakon batetik betiere. 1918. urtetik aurrera oleoa erabiltzen hasi zen; Jesus gurutzean (1918) eta Beronikaren zapia (1933) koadroak pintatu zituen. Garai hartan, halaber, Sergej Diaghilev-en balletarentzako diseinu lanak eta grabatuak egin zituen, Miserere liburu zoragarria besteren artean (1948).