Rouen
(Eusk. Erruan). Frantziako ipar-mendebaleko prefetura hiria eta ibai portua, Seine-Maritime departamenduko hiriburua (Normandia Garaia), Parisko hiriaren ipar-mendebalean, Seinne ibaiaren ertzean. 118.332 biztanle. Unibertsitatea. Industria (ehungintza, metalurgia, tresneria elektrikoak eta mekanikoak, ontziolak, kimika industria, papergintza, janari industria, larrugintza) eta portuko merkataritza harremanak (Frantziako bosgarren portua da) dira hiriko ekonomia jarduera nagusiak. Arte eta monumentu ugari gorde ditu. Aipagarriak dira XIII-XVI. mendeetako Notre-Dame eliza gotikoa (Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan hondatua eta ondoren berritua), XV-XVI. mendeetako Saint-Maclou eliza gotikoa, XIV-XV. mendeetako Saint-Ouen eliza gotiko-klasikoa, XVI. mendeko Justizia jauregi gotikoa (1940. urtean kaltetua gertatu zena), XV. mendeko erloju handia (Gros-Horloge, Berpizkundeko jauregia), XIII. mendeko Joana Arc-ekoaren dorrea eta Arte Ederretako museoa. v Historia. Rotomagus hiria zen erromatarren garaian. X. mendean Ingalaterrarekin merkataritza harremanetan hasi zen eta, Normandia guztia bezala, Frantziako eta Ingalaterrako errege-erreginen jomuga izan zen Rouen. Hiriak kalte handiak jasan zituen erlijio gerretan eta Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan.