Rouco Varela, Antonio María
Espainiar kardinal eta gotzaina (Villalba, Lugo, 1936). Mondoñedoko apaizgaitegian egin zituen apaiz ikasketak eta Salamancako Gotzain Unibertsitatean lizentziatu zen 1958an. Hurrengo urtean apaiz ordenatu zen. 1964an Municheko Unibertsitateko doktore egin zuten, eta urte hartan bertan Mondoñedoko teologia irakasle gisa lan egiteko hartu zuten. Handik bi urtera Municheko Unibertsitateko irakasle laguntzaile egin zuten. 1969an Salamancako Gotzain Unibertsitateko irakasle sartu zen; katedra eskuratu zuen 1971n, eta errektoreorde kargua hurrengo urtean. 1984an Joan Paulo II.a aita santuak artzapezpiku izendatu zuen, eta 1998an egin zuen kardinal. 1999an Espainiako Apezpiku Batzarreko lehendakari hautatu zuten. Erakunde horretako Irakaskuntza eta Kristau Ikasbideko Batzordeko kidea da 1984az gero, eta Lege Gaietarako Batzordearen lehendakaria. Bere idazlanen artean azpimarratzekoak dira Estado e Iglesia en la España del siglo XVI (Estatua eta Eliza XVI. mendeko Espainian) eta Sacramento e diritto: antonomia nella Chiesa? (Sakramentua eta zuzenbidea: Elizaren kontraesana?). Hainbat artikulu eta lan zientifiko argitaratu ditu, bestalde, Zuzenbide Kanonikoaren oinarri teologikoari eta Elizaren eta Estatuaren arteko harremanei buruz.
- Rotxapea
- Rouaud, Jean
- Rouault, Georges
- Roubaix
- Roubaud, Jacques
- Rouco Varela, Antonio María
- Rouch, Jean
- Rouen
- Rouergue
- Rouget de Lisle, Claude Joseph
- Rouher, Eugène