Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rostock

Alemaniako ipar-ekialdeko hiria eta portua (Mecklenburg, Mendebaleko Pomerania), izen bereko barrutiko (7.074 km2 eta 905.000 biztanle) hiriburua, Warnow ibaiaren estuarioaren ertzean, Warnemünde aurre-portutik hurbil (Itsaso Baltikoa). 254.800 biztanle. Unibertsitatea. Alemaniako ipar-ekialdeko portu nagusia da, eta lotura zuzena du Danimarkako portu garrantzitsuenekin. Arrantza eta industria (janari industria, ontziolak, altzairugintza, kimika industria, zurgintza, tresneria kimikoa) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XIII. mendeko Andre Mariaren eliza gotikoa, XIV. mendeko San Nikolas eliza, XV. mendeko udaletxea (aurrealde barrokoa) eta XIV-XVI. mendeetako harresiko ateak eta hondakinak. v Historia. XIII. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Rostock-eko hiria. Hansa merkataritza elkarteko hiri garrantzitsua izan zen XIV. mendean. Hegazkin eraso bortitzak jasan zituen hiriak Bigarren Mundu Gerra garaian.