Rossini, Gioacchino Antonio
Italiar musikagilea (Pesaro, 1792 - Paris, 1868). Italiako opera idazle nagusi eta famatuenetako bat izan zen. Elizako musika, ganbera musika, kantatak eta pianoko piezak ere idatzi zituen, baina operak eman zion ospea, opera bufoak, bereziki. Gurasoak musikariak zituen eta berak ere musika ikasketak egin zituen Boloniako lizeoan. Hemezortzi urte zituela idatzi zuen lehen opera, La Cambiale di matrimonio (1810), baina hurrengo urtean aurkeztu zuen L’Equivoco stravagante (1811) opera bufoak ezagutarazi zuen Rossini. Hasierako obra horietatik bertatik Rossinik opera bufoa tradizionalarekin hautsi zuen: melodiak apainduraz edertu zituen (izan ere bera da bel cantoren sortzailea), koruei eta finaleei bizitasuna eman zien, ohi ez bezalako erritmoak erabili zituen, orkestrari ordu arte izan ez zuen lekua eman zion, eta ahotsa orkestraren mendean jarri zuen. Baina Rossiniren lehen obra handia Tancredi (1813) opera dramatikoa izan zen, musikariaren ospe ona zabaldu zuten beste maisu lan batzuei bide eman ziena: L’Italiana in Algeri (1813), Elisabetta, regina d’Inghilterra (1815) eta, batez ere, Il barbiere di Siviglia (1816, Sevillako bizargina). Azken obra horrek ez zuen harrera onik izan Erroman aurkeztu zutenean, baina Italia osoan barrena sekulako arrakasta izan zuen obraren bizitasunak eta arintasunak, eta, aurrerantzean, opera emankizunetako obra nagusietako bat izan da. La Cenerentola (1817, Errauskine) eta La Gazza ladra (1817) opera bufo aipagarrien ondoren opera serio konplexuagoak idatzi zituen: Armida (1817), Ermione (1819) eta Semiramide (1823). Azken horri nahikoa harrera kaskarra egin zioten kritikariek, eta Rossinik Londresa joatea erabaki zuen. 1824an Parisa deitu zioten “Italiako Antzokiko” zuzendari izateko. Bi urte geroago erregearen musikagile izendatu zuten, baina 1830eko iraultzarekin batera galdu zuen kargua. Garai hartan apaindurari ordez kantuaren egiantzari eta indarrari eman zion lehentasuna; horretarako, orkestran berrikuntzak egiteaz gainera, garrantzi handiagoa eman zion koruari. 1829an Guillaume Tell opera serioa aurkeztu zuen eta opera idazteari utzi zion; horren arrazoia oraindik ez da argitu. Hurrengo urteetan ospetsuak egin ziren Rossinik antolatutako festak eta eman zituen bazkariak. Bien bitartean elizako musika eta kontzertu batzuk ere idatzi zituen, kalitate handikoak, baina ez zuen haiek argitaratzerik nahi izan. Horien arteko aipagarrienak Stabat (1832-1841) eta Petite messe solennelle (1864) dira. Milanen, Bolonian, Florentzian eta, 1853tik aurrera, Parisen eta Passy-n zuen etxean bizi izan zen. v Aipatutakoez gainera, beste opera asko idatzi zituen: L’Inganno felice (1812); La Scala di seta (1812); La pietra del paragone (1812); L’Occasione fa il ladro (1812); Il Signor Bruschino (1813); Il Turco in Italia (1814); La Gazzeta (1816); Matilde di Sabran (1821); Il Viaggio a Reims (1825); Adina (1826) eta Le Siège de Corinthe (1826) opera bufoak. Demetrio e Polibio (1812); Aureliano in Palmira (1814); Torvaldo e Dorliska (1815); Otello (1816); Adelaide di Borgogna (1818); Riccardo e Zoraide (1818); Edoàrdo e Cristina (1819); La Donna del lago (1819); Bianca e Faliero (1820); Maometto II (1820) eta Zelmira (1821) opera serioak. Eta Moïse (1827) eta Le Comte Ory (1828) opera komikoak.
- Rossi, Aldo
- Rossi, Franco
- Rossi, Luigi
- Rossi, Paolo
- Rossif, Frédéric
- Rossini, Gioacchino Antonio
- Rosso Fiorentino, Giovanni Battista
- Rosso, Medardo
- Rostand, Edmond
- Rostand, Jean
- Rostock