Rostovtsev, Iakov Ivanovitx
Errusiar jenerala eta politikaria (San Petersburgo, 1803 - San Petersburgo, 1860). Militar ikasketak egin zituen eta 1825ean, ofizial gaztea zela, dezenbristen matxinadan parte hartzeko gonbitea egin zioten, baina dei hura baztertu zuen eta tsarrari eman zion asmo haien berri, izenik salatu gabe. 1840. urtetik aurrera, militar gazteen heziketaz arduratu zen eta 1857an, jenerala zela, egitura feudalen mendean zeuden laborari zerbitzarien egoera (Errusiako inperioko laborari gehienak petxero ziren) aztertu behar zuen taldeko buru jarri zuen Alexandro II.a tsarrak. 1861ean aurkeztu zituen Rostovtsev-ek Errusiako inperioko laborarien aldeko estatutu berriak eta haren ondoren eman ziren molde feudalak ezabatzeko lehen urratsak.