Rossi, Paolo
Italiar futbolista (Prato, 1956). Vicenza taldearekin jokatu zuen eta harekin parte hartu zuen lehen aldiz, 1977an, Italiako futboleko maila nagusian; bigarren lekuan amaitu zuten denboraldia. 1980an legez kanpoko apustuen eskandalu batean nahastu zen, eta bi urtez jokatu gabe egotera zigortu zuten. 1982an itzuli zen berriro futbol profesionalera, eta 1982ko Mundialean parte hartzea lortu zuen. Bere selekzioarekin Mundiala irabazi zuen eta bera izan zen, hain zuzen ere, txapelketa hartan gol gehien sartu zuen jokalaria. Urte hartan bertan Europako jolakaririk onenaren saria eman zioten eta Turingo Juventus taldeak kontratatu zuen. Talde harekin hainbat garaipen lortu zituen, eta Europako Kopa (1985), Errekopa (1984), Ligako bi txapelketa (1982 eta 1984) eta Italiako Kopa (1983) irabazi zituzten. AC Milan taldean amaitu zuen bere karrera.