Rossif, Frédéric
Frantses zinemagilea (Cetinje, Montenegro, 1922 - Paris, 1990). Ikasketak Erroman egin zituen; 1945ean Parisera joan eta hango filmategian lan egin zuen eta 1952an ORTFn hasi zen lanean, telebistarako programak eginez. Lehen film luzea, Le temps du ghetto (1961, Ghetto garaiak), dokumental historiko erdiragarria da. Mourir à Madrid (1963, Madrilen hil), Espainiako Gerra Zibileko irudiekin egindako filma da. Dokumental asko egin zituen: Révolution d’Octobre (1967, Urriko Iraultza), Fête sauvage (1976, Festa basa), Pablo Picasso (1980). Fikziozko film bat ere egin zuen, Aussi loin que l’amour (1971, Maitasuna bezain urrun), dokumentalen mailari eutsi ez ziona.