Rivière, Jacques
Frantses idazle, kritikari eta argitaratzailea (Bordele, 1886 - Paris, 1925). Frantziako intelektual nagusietako bat izan zen Lehen Mundu Gerra ondorengo urteetan. Nouvelle Revue Française, arte eta literatura aldizkaria, sortu zuen 1910ean, beste batzuekin batean. 1912an bere garaiko idazle batzuei (Gide, Claudel, Jammes) buruzko kritika lanak argitaratu zituen: Études (bigarren bilduma bat agertu zen 1947an: Nouvelles études). 1914-1918 urteetan preso eduki zuten Alemanian eta L’Allemand (1918, Alemaniarra), egonaldi hartako oroitzapen liburua, idatzi zuen gerra ondoren. 1919tik hil arte Nouvelle Revue Française aldizkariaren zuzendari izan zen, eta urte hartan ekin zien argitalpen lanei. Bi nobela psikologiko idatzi zituen: Aimée (1922) eta Florence, bukatu gabea. Gaztetan utzitako katolikotasunera itzuli zen 1913an eta erlijioari buruzko gogoeta liburu bat idatzi zuen 1925ean: À la trace de Dieu (1925, Jainkoaren bila).