Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rawalpindi

Pakistango ipar-ekialdeko barrutia (5.286 km2 eta 2.123.000 biztanle), departamendua (11.206 km2 eta 6.672.000 biztanle) eta hiria, Himalaiako mendialdearen oinetan, Islamabad-eko hiriaren hego-mendebalean, Indo ibaiaren mendebalean. 806.000 biztanle (1.300.000 biztanle ditu hirialdeak). Unibertsitatea. Nazioarteko aireportua. Errepide eta burdinbidegune garrantzitsua. Merkataritza eta industria (petrolio eta gas findegiak, burdinbide gaiak, kimika industria, armagintza, tresneria elektrikoa, ehungintza, janari industria) dira ekonomia jarduera nagusiak. Base militarra. Aipagarriak dira hiritik hurbil dauden Taxila hiri zaharreko hondakinak. v Historia. Bertan errenditu ziren sikhak Gujarateko guduaren ondoren, eta, hala, Ingalaterraren mende geratu zen, 1849an. Rawalpindin izenpetu zuten britainiarrek Afganistango independentziako hitzarmena. Pakistango hiriburua izan zen 1959-1969. urteetan.