Rawls, John
Estatubatuar filosofoa (Baltimore, Maryland, 1921 – Massachusets, 2002). Bere pentsamenduak eragin handia izan zuen etika eta filosofia politikoan eta zuzenbidean. Filosofia eta letretako ikasketak egin zituen (1950), Princetoneko Unibertsitatean. Ikasketak bukatu ondoren, eskolak ematen hasi zen unibertsitate horretan bertan. Eskolak eman zituen, halaber, Cornelleko Unibertsitatean eta Massachusettsko Teknologia Institutuan, harik eta Harvardeko Unibertsitatean hasi zen arte (1962-1991). Bere lehen obra eta obra nagusia Justiziaren teoria da (1971). Obra horretan justiziaren teoria etiko bat garatu nahi izan zuen, utilitarismoak bultzatzen zuen alternatibaz bestera (utilitarismoak ekintza baten moraltasuna ekintza horrek on egiten dion gizaki kopuruaren arabera neurtzen du). Rawlsek gogor kritikatu zuen utilitarismoa, gizabanakoen eskubideen eragozgarri zelako, eta Hobbes, Locke, Rousseau eta Kantek proposatzen zuten kontratu sozialaren teoria hobetsi zuen. Rawlsen arabera, gizartearen onurak eta zamak bidezkotasun printzipioaren arabera banatu behar dira gizarte hori osatzen duten banakoen artean. Arazoa, baina, zuzena edo bidezkoa zer den definitzea da, are gehiago egungoa bezalako gizartean, batzuen eta besteen arteko aldeak hain nabarmenak izanik. Bigarren obra 1993an argitaratu zuen: Liberalismo politikoa. Lehen liburua argitaratu zuenetik John Rawlsen pentsamenduak eragin handia izan zuen espazio politiko jakin batzuetan, batez ere Estatu Batuetako liberalismoan eta Europako sozialdemokrazian.