Rauschenberg, Robert
Estatubatuar margolaria (Port Arthur, Texas, 1925 – Florida, 2008). Garrantzi handiko papera jokatu zuen espresionismo abstraktutik Pop Art joerarako bidean. Parisen eta Estatu Batuetako zenbait eskolatan egin zituen ikasketak, Black Mountain Collegen (1948-1950), besteak beste, Josef Albers irakaslearekin. Han John Cage eta Merce Cunningham ezagutu zituen, eta biek ala biek eragin handia izan zuten artista gisa bere bilakaeran. Haien ideiei jarraituz, eguneroko bizitzatik ateratako gauzak tartekatu zituen bere obretan, eta zoriaren faktorea erantsi zion sormen prozesuari. Bere lehen bakarkako erakusketa New Yorken egin zuen, Betty Parsons galerian: koadro zuriz osatutako sail bat, espresionismo abstraktuarekin zuen zorraren erakusgarri edo. 1950eko hamarraldiaren erdialdean bere elkarketa ospetsuak egiten hasi zen, arte sormenari buruzko ideiak eta aurreiritziak zalantzan jarriz. Argazkiez eta aurkitutako gauzez zipriztindutako koadroak dira. Horien artean ezagunena Monogram da (1995-1959, Stockholmeko Museo Modernoa): ahuntz bat disekatua, flotagailu gisa jarritako gurpil batekin. Ezkutuko esanahiez betetako obrak diren arren, ez dute asmo narratiborik. Pixkanaka eguneroko bizitzako gauzaki arruntak tartekatzen hasi zen bere obran: Bed (1955), Rauschenbergen burkoa, maindirea eta estalkia margoz estaliak, hormatik zintzilik jarriak. New Yorken, Leo Castelliren galerian, bakarkako erakusketa batean aurkeztu zen lehen aldiz obra hau, 1958an. Koadro elkartu horien aurrekari argienak Schwittersen collageak eta eraikuntzak dira, eta beste artista dadaista batzuen lanak. Estatu Batuetako artistaren motibazioak, baina, bestelakoak dira, ez bakarrik hartzen duten espazioarengatik, unean uneko elkarketa espezifikoaren erabileragatik baizik. 1960ko hamarraldiaren hasieran teknika berriak saiatu zituen: transferentziak egunkari irudiek igurtziz, foto-serigrafiak mihisean. 1963an bere obraren lehen atzera begirakoa antolatu zuen New Yorkeko Museo Juduan, eta hurrengo urtean Veneziako Bi Urtekoaren sari nagusia irabazi zuen. Baina bere jarduera ez zen ikuste artera mugatu. 1951n, John Cagerekin batera, lehen happening-ean parte hartu zuen, eta zenbait antzerki lan prestatu zituen gero, berak antzezteko. 1995 eta 1996 bitartean Merce Cunningham dantza konpainiako eszenografoa eta zuzendari teknikoa izan zen. 1966an Esperimentuak Arte eta Teknologian sortu zuen, Billy Klüver zientzialariarekin, teknologia aurreratua artean aplikatzeko aukerak ikertzeko asmoz. Ingeniari eta teknikarien laguntzaz, Mud Muse (1968-1971) bezalako obrak egin zituen: ontzi bat buztinez betea, galeriako hotsen erantzun gisa burbuilak sortzen dituena. 1985ean Rauschenberg Overseas Cultural Interchange prestatu zuen, bere lanaren erakusketa ibiltari bat munduan zehar, erakusleku bakoitzerako berariaz egindako piezak eta guzti. Bakearen aldeko proiektu gisa, Mexikotik abiatuta, Txina, Tibet, Kuba, Malaysia eta beste zenbait herrialdetan barrena ibili zen. Washingtoneko National Gallery of Art-en bukatu zen, 1991n. 1998an Bilboko Guggenheim Museoan bere 50 urteetako karreran zehar egindako obraren erakusketa zabala egin zen.