Ravel Deluarte, Maurice
Lapurtar musikagilea (Ziburu, 1875 - Paris, 1937). 1889. urtean Parisko kontserbatorioan sartu zen, eta Ch. de Beriot, E. Pessard, A. Gédalge eta G. Fauré-rekin egin zituen musika ikasketak. Musika idazteko zuen estilo berezia zela eta, arazoak izan zituen kontserbatorioan Erromako saria irabazteko, eta 1905. urtean kontserbatorioa utzi behar izan zuen. 1920. urtetik aurrera Montfort-l’Amaury-n bizi izan zen. 1928. urtean lau hilabeteko bidaia egin zuen Estatu Batuetan eta Kanadan zehar, eta urte berean Ingalaterran egon zen, Oxford unibertsitateko ohorezko doktore titulua jasotzeko. 1933. urtetik aurrera bost urte eman zituen ondoezik buruko gaixotasun baten ondorioz, eta ebakuntza baten ondoren hil zen. Orkestrarako musikagintzan iaioa bazen ere, lehenbizi pianorako lan ugari idatzi zituen. Lan aipagarriak ditu, besteak beste: Daphnis et Chloé (1909-1911) eta L´éventail de Jeanne (1927, Jeanne-ren abanikoa) balletak; L’heure espagnole (1907, Ordu espainola) eta L’enfant et les sortilèges (1924-1925, Umea eta sorginkeriak) operak; Pavane pour une infante défunte (1910, Hildako infanta batentzako pavana), Rapsodie espagnole (1907), Ma Mère l’oye (1919, Nire ama antzarra), Le Tombeau de Couperin (1919, Couperinen hilobia) eta Boléro (1928) orkestrarako lanak; Pavane pour une infante défunte (1899) eta Miroirs (1905, Ispiluak) pianorako lanak; ganbera musika eta ahotserako lanak.