Ratzinger, Joseph
Alemaniar elizgizona eta teologoa (Marktl, Bavaria, 1927). 1951. urtean egin zen apaiz eta teologiako katedradun egin zuten Bonn-eko unibertsitatean. Münster eta Regensburg-eko unibertsitateetan irakasle izan zen gero; 1977an apezpiku egin zuten eta urte berean Paulo VI.a Aita Santuak Freising-Municheko artzapezpiku eta kardinal izendatu zuen. 1981. urtean Fedearen dotrinarako kongregazioko prefektu hautatu zuten, eta Askapenerako Teologia kondenatu zuen. Apezpiku katolikoen sinodoko kidea da 1983. urteaz geroztik. 1987an Italiako hauteskunde kanpainan oinarritutako Eliza, ekumenismoa eta politika liburua idatzi zuen.