Raimundo
Okzitaniako Tolosako zazpi konderen izena. v Raimundo IV.a (Raimundo Saint-Gilleskoa deitua). Okzitaniako Tolosako kondea 1093-1105 urteetan (Tolosa, 1042 - Tripoli, 1105). Anaia Gilen IV.aren ondorengoa izan zen Okzitaniako Tolosako konderrian. Alfontso VI.a Gaztelakoaren aldeko espedizio batean parte hartu zuen 1087. urtean eta haren alaba Elvirarekin ezkondu zen (hirugarren emaztea). Alfontso Jordan izan zuen ondorengoa Tolosako konderrian. Lehen gurutzadan parte hartu zuen eta hiri garrantzitsuetako setioetan izan zen. Tripoliko hiriari ere eraso egin zion 1098. eta 1099. urteetan, 1099an Jerusalem menderatu zuen eta Konstantinoplara jo zuen ondoren. Genoako itsas armadaren laguntzaz Tripoli setiatu zuen berriro ere eta gerora Tripoliko konderri izan zenaren oinarriak jarri zituen. v Raimundo VI.a. Okzitaniako Tolosako kondea 1194-1222. urteetan (1156 - Okzitaniako Tolosa, 1222). Aurrekoek ez bezala Aragoiko koroarekin lotura izan zuen, Petri Katolikoaren arreba Leonorrekin ezkondu baitzen (1204). Hiriko burgesia eta albitarrak babestu zituen eta, ondorioz, Inozentzio III.ak eskumikatu zuen. Raimundo VI.a katolikoen mendekotasuna onartzeko prest agertu zen, baina Simon Monfortekoa kontra izan zuen. Lagun zuen Petri Katolikoaren heriotzak Okzitaniako Tolosa erortzea ekarri zuen hiria bi urtez setiatua egon ondoren (1215) eta aita santuaren esku utzi behar izan zituen kondeak bere lurrak. Hala eta guztiz ere, Kataluniako gudarosteak berreskuratu zuen Tolosa eta hara itzuli zen Raimundo VI.a. v Raimundo VII.a. Okzitaniako Tolosako kondea 1222-1249 urteetan, aurrekoaren ondorengoa (Beaucaire, 1197 - Millau, 1249). Frantziako Luis VIII.ak zuzendutako beste gurutzada bati egin behar izan zion aurre 1226an. Erregea hildakoan gurutzada ere amaitu zen, baina Raimundo VII.ak Parisko hitzarmena izenpetu behar izan zuen 1229an, eta, haren ondorioz, bere alaba Joanak Poitierseko Alfontsorekin ezkondu behar izan zuen; hura izan zen Okzitaniako Tolosa Frantziaren koroaren mende geratzeko lehen pausoa. Lorris-eko hitzarmena sinatu zuen 1242an; hura konderriaren burujabetasunaren amaiera izan zen.