Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rabat

Marokoko hiriburua eta portua, estatuaren mendebalean, Itsaso Atlantikoaren ertzean, Bou Regreg ibairen bokalean, Sale hiriaren aurrez aurre. 518.616 biztanle (1.275 km2 eta 893.092 biztanle ditu Rabat-Sale hiri-prefeturak). Unibertsitatea. Nazioarteko aireportua. Kostaldetik hurbil hiri zahar gotortua dago, eta harresien barnean medina (hiri musulman zaharra) eta millah edo juduen auzoa daude. Hiriaren iparralderago dago Oudaïa-tarren casbah-a; aipagarriak dira lorategi andaluziarra eta ate zoragarria. Hiri zaharraren hegoaldean daude, bestalde, XII. mendeko Hassan-en dorrea eta inoiz bukatu ez zen Abu Yusuf Ya’qub al-Mansur-en mezkitaren hondakinak. Ekonomiari dagokionez, arrantza eta industria (janari industria, ehungintza, kimika industria) dira jarduera nagusiak.  v  Historia. Abd al Mumin almohadiarrak sortu zuen Rabat-eko hiria XII. mendean, eta han finkatu zituen Iberiar Penintsula erasotzeko osteak. Abu Yusuf Ya’qub al-Mansur hirugarren sultan almohadiarrak Ribat al-Fath (Garaipenaren lekua) izena eman zion gotortu zuen hiriari eta hortik datorkio egungo izena. XVII. mendean han finkatu ziren Andaluziatik joandako musulmanak eta, geroago, kortsariak. XX. mendean, Frantziaren administraziopean, Marokoko hiriburu administratibo bihurtu zen Rabat eta Marokok burujabetasuna lortu zuenean, estatuko hiriburu politikoa.