Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rabelais, François

Idazle frantsesa (La Devinière, Chinon-etik hurbil, 1483 - Paris, 1533). Frantziskotarren ordenan sartu zen lehenik eta beneditarren ordenara aldatu zen 1525ean. Medikuntzako ikasketak egin zituen Montpellier-en, eta ospe handia lortu zuen han mediku gisa. Ekonomia arazoengatik Lyon-era joan zen eta han argitaratu zituen 1532an Hipokratesen Aforismoak, eta Pantagruel bere lehen eleberria. Erroman egon ondoren, Lyon-era itzuli zen eta Gargantua eleberria kaleratu zuen (1534). Italian egon zen bigarrenez, eta, Frantziara itzulita, medikuntzako ikasketak amaitu zituen, Montpellierren. 1546. Urtean, Margarita Nafarroakoari opatu zion Pantagruel bildumako hirugarren liburua. Sorbonak heretikotzat jo zuen liburua eta Metz-eko hirira erbesteratu zen lehenik eta Lyon-era itzuli zen ondoren Pantagruel bildumako laugarren liburuko lehen kapituluak argitaratzera. Parisen eman zituen azken urteak eta 1562. urtean argitaratu ziren bosgarren liburuko lehen hamabost kapituluak. 1654. urtea arte ez zen bilduma osatua kaleratu. Idazle humanista izan zen, parodiaren bidez bere garaiko arazorik larrienak plazaratzen zituena. Fede handia erakutsi zuen gizakiaren izaerarekiko eta zientziarekiko, eta kritika zorrotzak egin zizkion Elizari eta hark bultzatzen zuen hezkuntza sistema atzerakoiari. Errukirik gabe satirizatzen zituen dogma guztiak eta kristautasun humanista defenditu zuen muturreraino eramandako kristautasunaren eta protestantismoaren aurrean. Literatura satirikoaren maila gorena lortu zuen Pantagruel eta Gargantua obra ospetsuekin. Euskarazko hitzak sartu zituen bere Gargantua liburuko 5. kapituluan, eta ahapaldi osoak Pantagruel obran (2. liburua, 9. kapitulua).