Polgar, Szusza
Hungariar xake jokalaria (1970). Laszlo Polgar bere aitak asmaturiko heziketa teoria bat saiatu zuen Szusza eta bere bi ahizpa txikiekin. Teoria horren arabera erakutsi nahi zuen edonor dela edozein jardueretan bikain izateko gai, baldin eta behar den moduko heziketa jasotzen badu, eta teoria horri jarraituz xakean jolasten erakutsi eta horretarako hezi zituen bere hiru alabak, familia giroan. Emaitza ikusgarriak lortu zituen. Izan ere, ikasketetan emaitza paregabeak lortzeaz gainera, Szusza Hungariako eskolako xake txapeldun izan zen 4 urterekin, eta maisu handi bihurtu zen 18 urte zituenean; bera izan zen maila hori lortzen lehenengo emakumea. Lorpen horrekin, eta bere ahizpek izandakoekin, argi erakutsi dute xakean ez daukala zentzurik gizon eta emakume arteko bereizketa egiteak. Szuszak 1966an emakumezkoen mailako munduko txapelketa jokatu eta irabazi zuen, nahiz eta bere ahizpek ez zuten hainbat urtez emakumezkoen txapelketetan parte hartu nahi izan. Bere ahizpei dagokienez, Sofia (1972) izan zen ELO sailkapenean (Bobby Fischerrentzat egokituriko rankinga) 2.800 puntu eskuratzen lehenengo emakumea, eta Judith (1974), berriz, historiako maisurik gazteena bihurtu zen 15 urterekin eta gaur egun munduko jokalari onenetakoa da.