Piña, Manuel
Espainiar moda diseinatzailea (Manzanares, Ciudad Real, 1944 - Manzanares, 1994). Familia apal batean sortu zen eta ez zuen ikasketarik egin. Bederatzi urte zituenerako lanean hasia zen. 11 urte zituela oihal denda batean hasi zen lanean, saltzaile gisa. Madrila aldatu zen gero, eta zenbait arropa dendetan aritu zen. Horrela hasi zen modaren munduarekin harremanetan. Italiara bidaiatu zen, azken diseinuak ezagutzeko, eta hiru lantegi ireki zituen, 30 langile biltzen zituztenak. Pixkanaka lantalde sendo bat osatu zuen, eta 1982an egin zuen Madrilen bere aurkezpen ofiziala, moda erakustaldi ikusgarri batekin. 1983an Federación de Pret á Porter erakundea sortu zuen beste sei diseinatzaile espainiarrekin batera. Hurrengo urtean moda bilduma esperimental bat aurkeztu zuen, Juan Gomilaren margoekin, Europako zenbait galerietan ikusgai jarri zuena. Balenciagaren mireslea izan zen, eta bere klasizismoak kultura mediterraneoaren kutsu nabarmena zuen. Bestalde, bere karreran zenbait oihalen inguruko azterketa egin zuen, artilearena edo zetarena esaterako, eta estilo berezia eta ongi zehaztua sortu zuen, apaingarri hutsalak alde batera utzirik. 1990ean erretiratu zen modaren mundutik, diru laguntza ofizialen ezak etsita eta hondoa jota. 1993an HIESa zuela iragarri zuen, eta eritasun horren eraginez hil zen hurrengo urtean.