Piñón, Nélida
Brasildar idazle eta kazetaria (Rio de Janeiro, 1937). Eskola aleman batean egin zituen ikasketak eta ondoren kazetaritza ikasi zuen Rio de Janeiroko Unibertsitate Katolikoan. Txikitatik izan zuen literaturarako zaletasuna, baina bere lehen eleberria 1961ean argitaratu zuen: Guía mapa de Gabriel Arcanjo (Gabriel Arcanjoren mapa gida). Haren ondoren idatziak dira, besteak beste, Tempo das frutas (1966, Fruitu garaia), Fundador (1969, Fundatzailea), Tebas do meu coraçao (1974, Bazoaz nire bihotzetik), A República dos Sonhos (1984, Ametsetako errepublika), A força do destino (1978, Patuaren indarra) eta La hora de la estrella (1990, Izarraren ordua). Piñonek ahalegin berezia egin du topikoen mundu zurruna eraldatuko duen hizkuntza bat aurkitzeko, eta ahalegin horretan gizarte hitzarmenak eta formulak zalantzan jartzen dituen ikuspegi umoristiko bikaina eskaintzea lortu du. Bere lanak zenbait hizkuntzatara itzuli dira eta berak ere ingelesez idatzi izan du, batez ere ipuinak. Literatura alorreko lanaz gainera, zenbait mintegitako irakasle gisa egindako lanak du aipagarria bai Brasilen bertan eta baita Estatu Batuetan ere. Era berean sari ugari irabazi ditu eta literaturako sarietako epaimahaikide izan da askotan. Brasilgo Letretako Akademiako lehendakaria da. Brasilgo erregimen militarraren kontrako sutsu gisa agertu da eta giza eskubideen eta emakumearen eskubideen alde borrokatu da.