Piñar López, Blas
Espainiar abokatu eta politikaria (Toledo, 1918). Zuzenbide ikasketak Madrilen egin zituen eta notario egin zen 1944an. Zenbait herritan lan egin zuen, eta 1949tik Madrilen jardun zuen 1988an erretiroa hartu zuen arte. Politikako eta mundu akademikoko beste hainbat karguz gainera, Fuerza Nueva alderdiaren sortzaileetako bat izan zen, eta bera da Alianza Nacional 18 de julio batasunaren barruan dagoen alderdi horren lehendakaria. Francok Movimiento delakoaren aholkulari nazional izendatu zuen, eta gorteetako prokuradore izan zen besteak beste. 1976an Espainiako erreforma politikoaren kontra agertu zen eta 1977ko hauteskundeetan emaitza onik lortu ez bazuen ere, 1979an diputatu atera zen. 1987an eta 1989an Europako Legebiltzarrerako hautagai izan zen, Frente Nacional alderdiarekin. Zenbait lan idatzi ditu, adibidez Libertad religiosa (Erlijio askatasuna), Teología y Derecho (Teologia eta zuzenbidea), Sin arriar las banderas (Banderak jaitsi gabe), Combate por España (Espainiaren aldeko borroka)…