Philippe De Vitry
Frantses musikagilea (Vitry, 1291 - Meaux, 1361). Garrantzi handiko karguak izan zituen Filipe VI.a Valoiskoaren eta Joan II.a Onberaren gortean. 1351n Meaux-eko apezpiku izendatu zuten. Kultura handiko gizona zen; harreman ugari izan zituen garai hartako intelektualekin, Petrarcarekin bereziki. Musikaren teoriari buruzko bi liburu idatzi zituen: Liber musicalium, Ars contrapuncti eta Ars nova musicæ, XIV. mendeko musika irauli zutenak, eragin handia izan baitzuten ars antiqua edo arte zaharraren lekua hartu zuen ars nova edo arte berria gauzatzerakoan. Bi liburuotan musika idazkera eraberritu zuen eta neurriari eta kontrapuntuari buruzko teoriak landu zituen. Hamabost bat motete idatzi zituen.