Phillips, William D
Estatubatuar fisikaria (Wikes-Barre, Pennsylvania, 1948). Massachusettseko Teknologia Institutuan eskuratu zuen fisikako doktoregoa 1976. urtean. Doktoregoa eskuratu ondoren, 1978an National Bureau of Standards (gerora, National Institute of Standards and Technology—NIST) erakundean hasi zen lanean, eta neurketa elektriko zehaztasun handikoei buruzko lanak egin zituen. Baina libre gelditzen zitzaion denboran atomoen laser bidezko hozketa ikertu zuen, eta alor horretako lanek eman zioten, hain zuzen ere, ospe handiena. Fisikako Nobel saria eman zioten 1997an, Stephen Chu eta Claude Cohen-Tannoudji zientzialariekin batera, zeinek bere kasa laser irradekin atomoak harrapatzeko eta hozteko metodoen bilakaeran egindako lanengatik. William D. Phillips, Steven Fu eta Claude Cohen-Tajoudjik laser irradetan oinarriturik asmaturiko teknikan gas hotzen bidez sorturiko laser argi irradak erabiltzen dira; ordenarik gabeko nahastura solido batean zehar igaroarazten dira irrada horiek eta irradak nahasturan zehar igaro ahala, ordu arte lastertasun handiz higitzen ziren atomoak mantsotu egiten dira, gelditzeraino ia, halako eran non atomoa mugitzen ari denean ezin egin daitezkeen zenbait ikerketa egiteko aukera ematen dion ikertzaileari; atomoen barne egitura interpretatzerainoko zehaztasuna lor daiteke metodo horren bidez. Aurkikuntza eta ekarpen garrantzitsua izan zen oso, adibidez quantumen fisika ulertzeko, eta doitasun handiko neurketak egiteko tresnak eraikitzeko ere baliagarria izan da, besteak beste.