Philip Morris
Estatu Batuetako enpresa multinazionala. Tabako merkataritzan lehenengo enpresa da Estatu Batuetan, eta aldi berean, munduko nekazaritza gaien lehenengo enpresa da. Londresen sortu zen 1847. urtean. Hurrengo urteetan Philip Morris etxearen sortzaileak Richmonden, Virginian jarri zuen egoitza. Marlboro markarekin asko handitu zen enpresa. Ondoren, Philip Morrisek marka berriak osatu zituen: Benson&Hedges, Chesterfields eta Virginia Slims. Azken urteotan Estatu Batuetan eta Europan tabakoaren kontra izan diren kanpainak direla eta, nekazaritza gaien ekoizpenean oinarritu da batez ere Philip Morris. 1969an, Miller garagardo marka hartu zuen eta 1978an Seven Up edaria. 1984an taldeak General food erosi zuen (Maxwell kafea, Malabar eta Krema gozotegiak, Hollywood txikleak). 1988an, berriz, Kraft enpresa hartu zuen eta horri esker bere negozioen erdia baino gehiago elikagaien sektorean du gaur egun. Hala ere, tabakoa du jarduera errentagarriena, batez ere, Ekialdeko Europako herrialdeen merkatua zabaldu denean. Philip Morrisek munduko tabako merkatuko % 12,6 hartzen du (1994an 551,7 milia milioi zigarro saldu zituen).