Philidor, François André
(Benetako deitura Danican). Frantses musikagilea eta xake jokalari ospetsua (Dreux, 1726 - Londres, 1795). Musikari familia bateko kide ezagunena. Gaztetandik izan zen erregeren kaperako kide Versaillesen. Konposizio ikasketak egin zituen Camprarekin. Holanda, Alemania eta Britainia Handian zehar ibili zen xake jokalari gisa lehiaketetan parte hartzen. 1749tik aurrera urtero joaten zen Londresa xakean aritzera, eta xakeaz liburu bat idatzi zuen, Xake jokoaren analisia (1748). 1754. urtean Parisen hasi zen bizitzen eta geroago famatuak izan ziren opera komikoak idatzi zituen, besteak beste Sancho Pança dans son isle (1762) eta Tom Jones (1765). Opera dramatikoak eta eliz musika ere idatzi zituen.