Philby, Kim
(Jaiotza izenez Harold Adrian Russell Philby). Britainiar espioia (Ambala, India, 1911 - Mosku, 1988). 1951. urtea arte britainiar espiotza zerbitzuko kide, eta Gerra Hotza bitartean arrakastarik handiena izan zuen sobietar espioi bikoitza. Cambridge unibertsitatean ikasten ari zelarik komunista bihurtu zen, eta 1933. urtean sobietarren aldeko espioi. Britainiar Intelligence Service-ko MI-6 saileko kide eta buru izan zen urte askotan. 1949. urtean Washingtonera bidali zuten Britainia Handiko eta Estatu Batuetako espiotza zerbitzuetako harremanen arduradun izateko. Kargu horretan zegoelarik, sobietarren alde lan egin zuen haiei informazioa helaraziz. 1951. urtean kargutik bidali zuten eta 1955. urtean MI-6tik. My Silent War (1968, Nire gerra isila) liburuan bere bizitzaren berri eman zuen.