Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Partido Comunista de España

(PCE; Eusk. “Espainiako Alderdi Komunista”). Espainiako alderdi politikoa, 1921ean bi talde komunisten bateratzetik sortua. PSOE-tik alde eginak ziren talde horiek. Buruzagi komunista nagusiak José Díaz, Dolores Ibárruri eta Vicente Uribe ziren. Alderdiak Asturiasko matxinadan (1934), eta 1933 eta 1936ko hauteskundeetan parte hartu zuen, azken horretan Frente Popular koalizioaren baitan. Gerra Zibilean (1936-39) errepublikaren alde jokatu zuen; gerrak nazioartean izan zuen oihartzuna zela eta, PCEren garrantzi politiko-militarra areagotu zen. Kruscheven garaiko Stalinen kontrako salaketak zirela eta, PCEren jarrera aldatu eta bigundu zen (borroka armatua baztertzea, Comisiones Obreras-en bidez Francoren erregimeneko sindikatuetan sartzea). Santiago Carrillok, idazkari orokor aukeratu berriak (1960), bultzatu zuen aldaketa hori. Franco hil zenean (1975), buruzagi komunista gehienak erbestetik Espainiara itzuli ziren; Carrillorren ideien alde agertu ziren gehienak. Alderdia 1977an legeztatu zuten; leninismoa baztertu ondoren, urte hartako, 1979ko eta 1982ko hauteskundeetan parte hartu zuen. 1979an emaitza onak izan zituen, batez ere hiri handietan, baina 1982an behera egin zuen. 1983an Gerardo Iglesias aukeratu zuten, Carrilloren ordez, idazkari orokorra. Hurrengo urtean, I. Gallego buruzagi historikoak beste alderdi bat sortu zuen, ortodoxoa eta Sobietar Batasunaren aldekoa; hartan sartu ziren ezker aldetik PCEren kontrako zirenak. 1985ean Carrillok alderdia utzi zuen, eta 1987ean beste bat sortu zuen (Partido de los trabajadores de España-Unidad Comunista). 1986ko hauteskunde orokorretan, PCEk Izquierda Unida izeneko koalizioa bultzatu zuen. Alderdiaren XII. biltzarrean (1988) Julio Anguita izendatu zuten PCEko idazkari orokorra. PCE alderdia eta haren idazkaria izan ziren Izquierda Unida-ren gidari nagusiak, baina alderdi bakarra osatzera heldu gabe; Anguita izan zen koalizioaren koordinatzailea 1991 arte.