Partido Popular del País Vasco (PP)
Espainiako Partido Popular alderdiaren Euskal Autonomia Erkidego mailako erakundea. Nafarroako Foru Erkidegoan Unión del Pueblo Navarro PP-ra bildutako alderdia baita horren ordezkaria. Espainiako PP 1989an sortu zen, ordu arte Alianza Popular izandakoak bere IX. Kongresuan izen berria hartzea erabaki zuenean. Euskal Autonomia Erkidegoan ere hasieratik dihardu PPk, eta 1990ko legebiltzarrerako hauteskundeetan hartu zuen lehenengoz parte izen horren pean. Lehen hauteskunde haietan botoen % 8,23 baino ez zituen lortu Partido Popularrek, eta haiei esker 6 parlamentari eskuratu zituen. Nolanahi ere, asko hobetu zituen aurreko legebiltzarreko hauteskundeetan bere aurrekari Coalición Popularrek lortutako emaitzak, CPk bi legebiltzarkide baino ez zituen eta. Orduz geroztik, etengabe egin du gora bototan, EAEko eskuin ez abertzalea bere inguruan bildu baitu PPk. 1993ko hauteskunde orokorretan, esaterako, botoen % 15 lortu zituen, % 18,6 1996koetan eta % 28,8 2000. urtekoetan –orain arte inoiz izan dituen emaitzarik onenak–: Araban hiru senatari eta bi diputatu, Bizkaian senatari bat eta hiru diputatu, eta Gipuzkoan senatari bat eta bi diputatu. 2000. urteko hauteskunde orokorretan EAEko bigarren alderdia izan zen PP boto kopuruan, EAJren atzetik bi punturen aldez bakarrik. Eusko Legebiltzarrean izan duen ordezkaritzari dagokionez –nahiz eta hauteskunde horietan orokorretan baino emaitza pobreagoak izan–, etengabe igo da botoetan zein eserkeluetan: 1994koetan botoen % 14,4 eta 11 legebiltzarkide lortu zituen, eta 1998koetan botoen % 20 eta 16 legebiltzarkide. 1998ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere EAEko bigarren alderdi bilakatu zen PP botoen arabera, postu hori PSE-EE/PSOEri kenduz. 1999. urtean egindako udal, batzar nagusi eta Europako parlamenturako hauteskundeetan ere emaitza aipagarriak lortu zituen PPk, goranzko joerari eutsiz. Bigarren postua berretsi zuen EAJ-EA alderdiek osatutako koalizioaren ondotik Europarako parlamenturako hauteskundeetan, eta udal eta batzar nagusietarakoei dagokienez, nabarmen egin zuen gora EAEko hiru lurraldeetan. Gorakadarik nabarmenena, ordea, Araban izan zuen, eta emaitza horiei esker –eta sozialisten laguntzaz– hainbat urtez EAJren esku egondako bi erakunde garrantzitsu –Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko udala– eskuratu zituen, horien buruan Ramón Rabanera eta Alfonso Alonso jarriz. v EAE mailako politikagintzari dagokionez, 1998ko hauteskundeen ondoren hasi zen legegintzaldian oposizio gogorra egin zion PPk, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru zela, hasieran EH-ren babes parlamentarioarekin EAJ-k eta EA-k osatu zuten Jaurlaritzari. 2000. urteko urrian lehendakariaren aurkako zentsura mozioa ere aurkeztu zuen PPk –baita PSE-EE/PSOEk ere–Eusko Legebiltzarreren historian lehendakari baten aurka aurkeztutako lehena, Lehendakariak legegintzaldia bertan behera utzi eta hauteskundeak dei zitzala behin eta berriro eskatuz. EAJ eta EA Lizarrako Akordioa sinatu ondoren EH-rekin lerratuta egoteaz salatuz, PP-ek eta PSE-EE/PSOEk euren arteko elkarlana indartu zuten, eta horren lekuko izan zen, besteak beste, alderdi biek 2000. urteko abenduan –hilabeteko negoziazioaren ondoren– estatu mailan sinatutako Acuerdo por las libertades y contra el terrorismo deituriko akordioa. ETAk ere gogor eraso izan dio azken urteotan PPri. 1995ean Gregorio Ordoñez Donostiako zinegotzia eta 1997ean Miguel Angel Blanco Ermukoa hil zituenez geroztik, beste zortzi PPko zinegotzi hil ditu Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo, baita, 2001. urteko apirilean, Aragoiko PP-ren presidentea ere. Su-etenaren aurreko urtean, 1998an, lau zinegotzi eta haietako baten emaztea hil zituen, eta su-etena bertan behera utzi ondoren, beste lau 2000. urtean zehar. 1996az geroztik, Carlos Iturgaiz da EAEko PPren presidente –ohorezko presidentetza Jaime Mayor Orejak du–, eta Carmelo Barrio idazkari nagusi. Iturgaiz zein Barrio karguetan berretsi zituen PPk 1999an egin zuen IX. Kongresuan.