Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Partido Socialista Obrero Español

(PSOE; Eusk. “Espainiako Langileen Alderdi Sozialista”). P. Iglesias-ek, A. García Quejidok eta Matías Gómez-ek, besteren artean, 1879an sortu zuten espainiar erakunde politikoa. El Socialista aldizkariaren sorrerak (1886) eta UGT sindikatuarenak (1888) indartu zuten alderdiaren hasierako ibilbidea. Batzorde nazionaleko lehendakari P. Iglesias aukeratu ondoren, gauzatu zen alderdiaren oinarrizko jokabidea: langileen erreibindikazioak bultzatzea, hauteskundeetan parte hartzea, alderdi burgesen, baita errepublikanoen ere, kontra jardutea etab. Bartzelonako 1909ko matxinadaren eta Lehen Mundu Gerraren ondorioz, errepublikazale eta anarkistengana hurbildu zen PSOE. III. Internazionalean, alderdiko gehiengoak Internazionalaren kide izateari uko egin zion; hala, PSOEtik alde egin zuen talde handi batek, eta PCE alderdia sortu zuten. Hurrengo urteetan, Primo de Riveraren diktadura garaian, alderdiak garai hartan zuen krisia gainditu nahiz, lankidetzaren alde jokatu zuen, eta hala gobernuan ere parte hartu zuen. Horren ondorioz, ez komunistek ez anarkistek zuten indarra lortu zuen PSOEk; asko hazi zen garai hartan, nekazari giroan batez ere. Besteiro eta Largo Caballeroren lehendakaritzapean, gobernu errepublikanoetan parte hartu zuen, eta arrakasta handia izan zuen 1936ko hauteskundeetan, Frente Popular koalizioaren baitan. Alderdi barneko arazo ideologikoak Gerra Zibilaren amaieran areagotu ziren (1939) eta Tolosako eta Suresnesko biltzarretan (1972 eta 1974) buruzagi historiko batzuek dimisioa eman zuten (R. Llopis-ek horien artean). Horrekin batera, talde berri batek, Espainian egoitza zuenak, beretu zuen alderdiaren agintaritza (F. González, idazkari orokor izendatu zutena, A. Guerra, P. Castellanos). Franco hil (1975) eta alderdia legeztatu zenean, 1977 eta 1979ko hauteskundeetan parte hartu zuen, eta oposizioko talde nagusi bihurtu zen. 1979an, PCErekin batera, arrakasta handia izan zuen Espaniako hiri handietan, eta, marxismoa baztertuta, 1982an garaipen handia, gehiengo absolutua, lortu zuen hauteskunde orokorretan; F. González izan zen beraz Gobernuko Lehendakari. 1986ko hauteskunde orokorretan, berriz ere lortu zuen gehiengo absolutua, eta F. Gonzálezek jarraitu zuen gobernuburu. Hurrengo urteko udal, autononomia eta Europako legebiltzarreko hauteskundeetan ordea, zerbait jaitsi zuen. Ekonomia eta hezkuntza alorreko politikan batez ere izan ditu kritika handienak; bide horretatik, UGT sindikatua, hasiera-hasieratik PSOEren aldeko izan zena, argi eta garbi jarri zen alderdiaren kontra. 1989 eta 1991eko hauteskundeetan botoak galtzen jarraitu zuen PSOEk, baina hala ere boto gehien zituen alderdia izaten jarraitu zuen. Bestalde, arazo handiak izan zituen urte horietan alderdi barneko joera desberdinak direla eta.