Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE)

Espainiako Partido Socialista Obrero Español alderdiaren Euskal Autonomia Erkidegoko erakundea. PSE-EE 1993ko martxoan sortu zen, Euskadiko Ezkerra eta alderdi sozialisten arteko bateratze prozesuaren ondorioz. Urte hartako hauteskunde orokorretan lortu zituen, hain zuzen, azken hamarkadako emaitzarik onenak, botoen % 25ekin EAEko lehen alderdi izan baitzen, EAJren aurretik puntu erdi bateko aldearekin baino izan ez bazen ere. Nolanahi ere, 90eko hamarkadan krisialdi latza jasan du EAEko alderdi sozialistak, estatu mailan jasan duenaren parekoa, EAEn ere nabarmendu izan baitira hainbat hauteskundetan hainbat agintari sozialista ukitu zituzten ustelkeria aferak edo GAL auziak izandako eragina. Eusko Legebiltzarrean izan duen bilakerari dagokionez, 1986ko hauteskundeetan botoen % 22 eta 19 eserleku lortu bazituen, botoen kopurua % 20ra eta eserlekuak 16ra jaitsi ziren 1990koetan. Askoz ere kaskarragoak izango ziren, ordea –PSE-EE bilakaturik jada–, 1994an izandako emaitzak, 12 legebiltzarkidetan eta botoen % 17rekin gelditu baitzen, nahiz eta EAEko bigarren alderdi izaten jarraitu. 1998ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, boto kopuruari % 17ko kopuru horretan eutsi arren bi legebiltzarkide irabazi zituen PSE-EEk, nahiz eta emaitza horiekin EAEko laugarren alderdi bilakatu, EAJ, PP eta EHren atzetik. Hauteskunde orokorrei dagokienez, 1993ko lorpenei eutsi egin zien 1996koetan, eta gutxi jaitsi zen 2000koetan, nahiz eta PPk hartu aurrea, EAEn boto gehien lortu zituen alderdi ez abertzale bilakaturik. n Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzan aldaketa nabarmena izan du PSE-EEk azken urteotan. Hainbat urtez EAJrekin eta EArekin batera Eusko Jaurlaritzako kide izan ondoren, 1994ko hauteskundeen ondoren hiru alderdi horien arteko gobernutik irtetea erabaki zuten sozialistek 1998 urtearen lehen seihilekoan. 1998ko urrian egin ziren hauteskundeen ondorioz gobernua osatzea EAJren lehendakarigai Juan Jose Ibarretxerik egokitu zitzaion, baina berehala gelditu ziren bertan behera Jaurlaritza hiruen artean birrosatzeko saioak, oposizioan gelditzea erabaki baitzuen PSE-EEk, nahiz eta alderdiaren barruan –Gipuzkoan gehienbat– bazen abertzaleekiko elkarlana hobesten zuen sektoreren bat. Nolanahi ere, oposizio gogorra egin zion Legebiltzarrean zein Legebiltzarretik kanpo PSE-EEk, ETAk su-etenari eutsi zion artean EHren babes parlamentarioa izan zuen EAJ eta EAren arteko gobernuari. 2000. urteko urrian lehendakariaren aurkako zentsura mozioa ere aurkeztu zuen PSE-EEk –baita PPK ere– Eusko Legebiltzarreren historian lehendakari baten aurka aurkeztutako lehena, Lehendakariak legegintzaldia bertan behera utzi eta hauteskundeak dei zitzala behin eta berriro eskatuz. EAJ eta EA Lizarrako Akordioa sinatu ondoren EH-rekin lerratuta egoteaz salatuz, PPek eta PSE-EE/PSOEk euren arteko elkarlana indartu zuten, eta horren lekuko izan zen, besteak beste, alderdi biek 2000. urteko abenduan –hilabeteko negoziazioaren ondoren– Espainiar estatu mailan sinatutako Acuerdo por las libertades y contra el terrorismo deituriko akordioa. Su-etena bertan behera utzi ondoren, hainbat ordezkari sozialista ere izan dira ETAren helburu. Atentuak berriz egiten hasi eta berehala hil zuen, esaterako, Fernando Buesa lehendakariorde eta hezkuntza sailburu ohia, haren bizkartzain zen ertzainarekin batera, 2000. urteko otsailean. Urte berean hil zituen Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore ohia uztailean eta Ernest Lluch ministro ohia azaroan, elkarrizketaren alde maiz agertutakoak biak. 2000. urteko uztailean Andaluzian eta 2001. urteko otsailean Donostian PSOEren Malagako eta Ordiziako bi zinegotziren aurkako atentatuak egin ostean, 2001. urteko martxoan hil zuen ETAk Lasarte-Orian lehen zinegotzi sozialista, Froilán Elespe. Alderdiaren egiturari dagokionez, 2000. urteko azaroan egindako IV. Kongresuak Nicolás Redondo Terreros hautatu zuen berriro PSE-EEk idazkari nagusi –barne tirabiren isla izan zen emaitza oso justuz–, alderdiaren presidente gisa José María Benegas berretsiz. 2001eko lehendakaritzarako hauteskundeetan, ordea, PSE-EEk emaitza kaxkarrak izan zituen, PPko kontserbadoreekin elkarlanean aritzeagatik, eta alderdiaren Redondo Terrerosek dimisioa aurkeztu behar izan zuen. 2002ko martxoan Patxi López hautatu zuten idazkari nagusi, eta 2005ean karguan berretsi zuten. Espainiako Gobernuaren VIII Legegintzaldian, ETAren indarkareriari amaiera emateko asmoz hasitako negoziazioetan, PSE-EEk garrantzi handiko papaera jokatu zuen. 2006ko uztailean, Patxi López eta Rodolfo Ares ordurako legez kanpo zegoen Batasunako kide batzuekin elkartu ziren, eta hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Gorenak desobedentzia delitua egitea egotzi zien. 2007ko udal hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren alderdirik bozkatuena izan zen PSE-EE, EAJren ondoren, eta 2008ko hauteskunde orokorretan EAEk Espainiko Legebiltzarren hautatzen dituen jarlekuen erdiak eskuratu zituen.