Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Partido Socialista de Navarra (PSN)

Espainiar estatu mailako Partido Socialista Obrero Español alderdiaren Nafarroako Foru Erkidego mailako erakundea, nafar sozialistek Euskadiko Alderdi Sozialista utzi ondoren 1982an sortua. 1984tik 1991ra bitartean Nafarroan boto gehien bildutako alderdia izanik, PSNk kudeatu zuen Foru Erkidegoa 1991ko hauteskundeetan UPNren mesedetan nagusitasuna eta agintea galdu zuen arte, hau da, Nafarroako presidentzia Gabriel Urralburu sozialistarengandik, artean UPN alderdiko kide zen Juan Cruz Alliren eskuetara igaro zen arte. 1991ko hauteskunde haietan, ordea, oso estua izan zen PSN eta UPNren arteko aldea –puntu eta erdikoa– eta UPNren 20 eserlekuen parean 19 lortu zituen PSNk. 90eko hamarkadaren lehen erdialdean, ordea, Gabriel Urralburu alderdiariaren idazkari nagusiaren eta presidente ohiaren inguruko finantza eskandalu handi bat sortu zen, eta afera horrek gogor jo zuen PSN. Izan ere, Gabriel Urralbururi eta bere hurbileko lankide zen Antonio Aragón kontseilari ohiari –hala nola bien emazteei– Foru Ogasunari iruzur egitea eta funtzionario-eroskeria delitua leporatu zien fiskalak. Akusazioaren arabera, legez kanpoko komisioak kobratu zizkieten hainbat herrilanen esleipena lortu zuten zenbait enpresaburu, eta diru hori atzerriko kontuetan sartu eta beren probetxurako erabili zuten. Auzipetuek jaso zuten zigorraz gain, zigor politikoa ere ezarri zioten nafarrek PSNri, eta 1995eko Foru Parlamenturako hauteskundeetan izugarri egin zuen behera, 1991n lortutako botoen % 12,5 eta zortzi parlamentari galdu baitzituen. Guztira, 11 parlamentari lortu zituen PSNk hauteskunde haietan, eta 1999koetan ez zuen lortu egoera aldabidean jartzea: bototan jaisten jarraitu zuen –1991koan baino 30.000 boto gutxiago eskuratu zituen, hautesleen heren bat galduz–, eta 11 parlamentarirekin gelditu zen. Hauteskunde orokorrei dagokienez, bi diputatuko kopuruari eutsi dio 1993az geroztik, baina 1993ko hauteskundeetatik 2000 urtekoetara ia 26.000 boto galdu zituen. Alderdiaren barne dinamikari dagokionez, 1997az geroztik Juan José Lizarbe da idazkari nagusia. 1997ko VI. Kongresuan alderdiaren normalizaziorako trantsizioari ekin zioten Lizarberen gidaritzapean. 2000. urtean Lizarbe berrautatu zuten idazkaritza nagusirako, baina urte hartan egindako VII. Kongresuan agerian geratu ziren alderdi barruko tira-birak. 1999an Nafarroako Foru Erkidegoan hasi zen legegintzaldian, Nafarroako gobernuan esku hartze zuzenik ez badu ere, babes parlamentarioa ematen dio PSNk UPNri.