Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ostrogodo

iz. eta izond. Hist. Godoen talde bateko kidea; horri dagokiona. || Ostrogodoena godoen ekialdeko adarra zen eta K.o. III. mendean inperio bat eraikia zuten Itsaso Beltzaren iparraldean, Dniester eta Don ibaien artean. Inperio horren gailurra Ermanariko erregearekin iritsi eta berehala —370 inguruan— hunoak garaitu zitzaizkien. Atila hil artean (453) hunoen mende egon ziren. Garai hartan ostrogodoen talde nagusia Panonian finkaturik zegoen, erromatarren herri federatu gisa. Nolanahi ere, ostrogodoen multzo bat Krimean geratu zen eta Erdi Aroan zehar bere nortasuna gorde zuen. Hunoen inperioa erori ondoren (455) talde nagusiak askatasuna lortu zuen Teodorikoren agintaritzapean. 470ean Beheko Mesia hartu eta gero Mazedonia, Tesalia eta Trazia beretu zuten. Eraso horien beldurrez, Zenon Ekialdeko enperadoreak Odoakro heruloen erregeari Italia har ziezaioten desbideratu zituen; Teodoriko Handia buru zuen 20.000 ostrogodok osaturiko gudarostea Odoakrori garaitu zitzaion (489-493) eta Italiaz jabetu zen. Teodorikok Erromako erakundeak errespetatu zituen hein batean eta ezkontza eta aliantza politikoa egin zuen mugetako beste germaniar taldeei buruz, eta Retia, Dalmazia, Panonia, Proventza eta beste zenbait lurraldetan ostrogodoen nagusitasuna onartarazi zuen. Teodorikoren heriotzari (426), Amalasunta-ren erregeordetza eta beronen hiltzaile izan zen Teodatoren erregetza jarraitu zitzaizkion. Justiniano enperadoreak Belisario eta Nartses jeneralak bidali zituen Italia berreskuratzeko; Bizantzioko gudarostea Vitigio eta Totila errege ostrogodoei nagusitu zitzaien eta 555ean erabateko garaipena lortu zuten. Ostrogodoek arrianismoa onartu zuten hunoen mendetik askatu ondoren eta hala iraun zuten herri gisa desagertu ziren arte.