Montanelli, Indro
Italiar kazetaria eta historialaria (Fucecchio, Florentzia, 1909). Florentziako Unibertsitatean eta Sorbonan egin zituen ikasketak. Azken horretan, zientzia politikoetan eta zuzenbidean lizentziatu zen. Historia ikasketak Alemanian osatu zituen. 1939-1972 urte bitartean Il Corriere della Sera aldizkarian zutabeak idatzi zituen. Gerrako berriemaile gisa, bi fronteetan egon zen Bigarren Mundu Gerran, eta orobat egon zen Espainiako Gerra Zibilean; Espainiara iritsi zenean faxisten aldeko zen, baina gerran ideologia aldatu zuen. 1974an, ideologia ikuspegia aldatu zuenez gero, ordu arteko aldizkaria utzi eta Il Giornale nuovo sortu zuen Milanen. Sortu zenetik bertatik terrorismoa salatu zuen, bai ezkerreko terrorismoa bai eskuinekoa. Horren ondorioz, 1977an Brigada Gorrietako bi kidek zortzi tiro eman zizkioten hanketan, baina bizirik irten zen; handik urte batzuetara, eraso zutenek antolatutako erakusketa batera joan zen Milango espetxera. 1994. urtea arte izan zen Montanelli Il Giornale-ko zuzendari. Urte horretan dimisioa eman zuen, ez baitzegoen ados Silvio Berlusconi enpresa gizonarekin. Ondoren, egunkari berri bat kaleratu zuen, La Voce (1994), baina denbora gutxira desagertu egin zen arazo ekonomikoak zirela-eta. 1996an Asturiasko Printzearen saria eman zioten.