Monteagudo
Nafarroako hegoaldeko udalerria (Tuterako merindadea). Mugak: iparraldean, Tulebras eta Cascante; ekialdean, Barillas eta Malon (Zaragoza); mendebalean, Zierzo mendiak eta Cascante, eta hegoaldean, Novallas (Zaragoza). Garaiera, 404 m. 10,79 km2. 1999ko datuen arabera, 1.175 biztanle ditu (monteagudoarrak). Keiles ibaia igarotzen da udalerriaren ekialdetik. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza (garia, garagarra, mahatsa, olibondoak, esparragoak, azukre erremolatxa, bazkarako landareak; langileen % 40) eta haren inguruan sorturiko industria (janari industria, ardogintza, zurgintza; langileen % 43) dira. Aipagarri dira XV-XVII. mendeko Madalenaren eliza gotiko-berpizkundekoa, XVI. mendean berritutako agustindar errekoletoen komentua eta Erdi Aroko San Adriango markesaren gaztelua. v Historia. Arabiarren mendean egon zen Alfontso I.a Gudulariak, Nafarroa eta Aragoiko erregeak, 1114. urtean konkistatu zuen arte. Hiru urte geroago Tuterako foruez gobernatzeko baimena eman zien errege hark monteagudoarrei.