Machiavelli, Niccolò
Italiar politikari, historialari eta idazlea (Florentzia, 1469 - Florentzia, 1527). Aitonen seme familia batean jaio zen. Historiarako eta politikarako trebetasun handia erakutsi zuen gaztetatik. 1499an sartu zen politika alorrean, Florentziako Bigarren Kantzileritzako idazkari izendatu zutenean. Diplomaziaren barruan egin zituen lan ugarien ondorioz bere garaiko printzeen eta jaunen bizimodua eta politika aztertzeko aukera izan zuen. Machiavellik bere ideia asko eta asko ia egunero Errepublikaren aurrean aurkezten zituen txostenetan azaldu zituen lehendabizi. Gorabehera handiak izan zituen Machiavellik bere bizitzan: Errepublika garaietan goraipatua izan zen, eta Medicitarrenetan, berriz, beheratua. 1513an, Boscolitarren matxinadan parte hartu bide zuelako salaturik, espetxeratua eta gero aske utzia izan zen. Landa etxe batera erretiratu zen, eta han historiaren legeei buruzko ikerketetan murgildurik historiaz idazten bizi izan zen. Gero, Florentziara itzulirik, zenbait lan xume egin ondoren, hiriaren historia bat idazteko agindua eman zioten. 1525ean, Karlos V.aren kontra, herrialdearen babesaz arduratuko zen gudarostea osatzen ahalegindu zen. Bere obra nagusia Il Principe (1513, Printzea, Iñaki Azkunek euskarara itzulia) izan zen. Liburu horretan azaltzen duen teoriaren arabera, teoria etiko guztien gainetik egon behar du Estatuaren teoriak, eta hartara behar dira makurtu interes eta eskubide pribatuak oro. Horrez gainera, azpimarragarriak ditu: Discorsi sopra la prima deca di Tito Livio (1513-19, Tito Livioren lehen hamarkadaz hitzaldiak), Dell’arte della guerra (1516-20, Gerraren arteaz) eta Istorie fiorentine (1521-25, Florentziako istorioak). Literaturan egin zuen lanik aipagarriena La Mandragola (1520) da, italieraz idatzi den lehen komedia handitzat hartua; orobat, aipagarri dira Belfagor arcidiavolo (1549), Clizia (1525) eta Lettere familiari.