Magdalena Frantziakoa
Nafarroako erregeordea 1479-1481 urteetan eta 1483-1494 urteetan (1443- Iruñea, 1495). Karlos VII.a Frantziako erregearen alaba zen; 1462an Gaston Foixkoa Vianako printzearekin ezkondu zen. Frantzisko Febo eta Katalina I.a izan zituen seme-alabak. 1470ean alargundu zen eta 1479an bihurtu zen erregeorde, Leonor Nafarroakoa hildakoan, Frantzisko Febo errege gaia adingabea zelako. Gaztelako eta Frantziako koroen (Luis XI.a Frantziako erregearen arreba zen) presiopean jardun zuen beti. 1481ean egin zuten errege Frantzisko Febo, baina Pauen hil zen ustekabean 1483an. Erregeorde izan zen berriz ere, Katalina I.aren adin txikian, eta urte horietan prestatu zuen alabaren eta Joan Albretekoaren arteko ezkontza. Gaztelako koroaren alde zeuden aitonen seme nafarrek ez zuten gogo onez hartu neurri hori, baina 1494an onartu zuten Albreteko etxea Nafarroako erregetzan.