Madagaskar
(Izen ofiziala, Madagaskarko Errepublika; Malgaxe hizkuntzaz, Repoblika Malagasy; Fr., République de Madagascar). Afrikako hego-ekialdeko estatua eta uhartea, Indiako Ozeanoan, izen bereko uharteak eta beste txikiago batzuek osatua. 587.041 km2 eta 20.042.551 biztanle (2008ko estimazioa, madagaskartarrak). Hiriburua: Antananarivo (1.688.000 bizt.). Hiri nagusiak: Toamasina (127.000 bizt.), Fianarantsoa (99.000 bizt.), Mahajanga (101.000 bizt.), Toliara (55.000 bizt.) eta Antsiranana (100.000 bizt.). Hizkuntza ofizialak: malgaxea eta frantsesa. Erlijioa: bertako erlijio tradizionalak (ia % 50), kristauak (% 45, katolikoak eta protestanteak), musulmanak (% 7). Etnia nagusia: malgaxea (% 8,9). Dirua: ariary malgaxea. v Orografia eta hidrografia. Munduko laugarren uharte handiena da Madagaskar. Mozambikeko itsasarteak bereizten du Afrikako hego-ekialdeko kostatik, eta inguruan Komore, Maurizio eta Réunion uharteak ditu. Hiru alde nagusi bereizten dira lurraldean, uhartea iparraldetik hegoaldera, alderik alde, zeharkatzen dutenak: erdialdeko goi-ordokia, ekialdeko itsasbazter meharra eta mendebaleko zelaiak. Goi-ordokiak hartzen du lurraldearen % 60, 800-1400 m bitarteko garaiera du, eta Tsaratanana sumendian du gailurra (2.876 m). Ibai asko dago Madagaskarren. Ura ekialdean isurtzen dutenak laburrak eta ur bizikoak dira (Mandrare eta Mananara), eta mendebalekoak, berriz, luzera eta ur emari handiagokoak (Oinlahy eta Mangoky). v Klima eta landaretza. Madagaskarreko klimak alde handiak ditu uharteko toki batetik bestera. Ekialdeko kostan tropiko aldekoa da, epela erdiko goi-ordokian, guztiz idorra hegoaldean, eta bero hezea mendebalean. Oro har, hezetasun handiagokoa eta beroagoa da kostaldea (21-27 °C) goi-ordokia (13-19 °C) baino. Indiako ozeanoko zikloiek euri erauntsiak eta uholdeak eragiten dituzte aldian behin. Euria: urtean, batez beste, 2.100 mm euri egiten du ipar-mendebalean, 940 mm mendebalean eta 355 mm hego-mendebalean. Madagaskarreko landaretza asko urritu da, neurririk gabe ustiatu baita, eta mendeetan, landareak erre egin baitira lurra ongarritzeko. Gaur egun sabanak hartzen du gehiena, eta tarteka, hosto erorkorreko eta iraunkorreko basoak dira; kostaldean mangle zuhaiztiak daude. Beste inon ez diren primate txiki batzuk bizi dira uhartean: lemureak. ■ Biztanleak. Madagaskar herri pobrea da, demografiako datuek erakusten dutenez: bizi itxaropena 62 urtekoa da, emankortasuna emakumeko 5,24 haurrekoa da, jaioberrien hilkortasun tasa mila jaiotzako ia ehun haurrekoa… Bestalde, biztanleen % 30etik gora analfabetoak dira. Madagaskar ez dago oso jendeztatua, kontuan hartzen bada eremua: batez besteko dentsitatea km2-ko 33 biztanlekoa da. Alabaina, ez da ahaztu behar hazkunde demografikoa handia izan dela independentziaz gero, eta biztanle kopurua bikoiztu egin dela hogeita hamar urtean. Inoiz baino gehiago, eskualdeen arteko desoreka nabarmenak ezkutatzen dituzte datuek, oro har. Bai biztanleen aldetik, bai ekonomiaren aldetik, probintzia desberdinen batuketa gisa ikus daiteke Madagaskar, eta haien arteko harremanak, oztopo fisikoak direla-eta, ez dira errazak. Kanpotik etorriak asko dira (indiarrak, indonesiarrak, arabiarrak, afrikarrak) eta gizatalde bereiziak sortu dituzte eskualdeka (merinak, betsmisarakak, betsileoak). Erdialdeko lautadak –bertan dago hiriburua– oso jendeztatuak daude, eta orobat iparraldea, iparralde-mendebaldea eta ekialdeko kostaldea (han dago Tomasinako portua). Aldiz, mendebaldean eta hegoaldean askoz jende gutxiago bizi da. Landaldetik hirirako migrazioa indartsua den arren, urbanizazio tasa aski txikia da orainik. ■ Ekonomia. Madagaskarreko lurraldea ugaria eta oparoa da, baina oso nekeza da hartatik garapen sendo eta dinamikoa sortzea. Baliabide naturalak askotarikoak dira, baina kopuruz urriak dira. Oreka ekologikoa, gehienetan hauskorra, kinka larrian dago, baso soiltzea dela-eta. Lurpeko aberastasunak handiak dira (grafitotik urreraino, harri erdi-bitxiez gainera), baina hobi gutxi dira ustiatzeko egokiak. Herrialdeak duen beste eragozpen larri bat barne komunikazioen eskasia da, eta horrek asko mugatzen ditu harreman ekonomikoak. Azkenik, Madagaskar urruti dago kontsumogune handietatik, hau da, Europa eta Ipar Amerikatik, eta urruntasun horrek eragin handia du garraioen kostuetan. ■ Nolanahi ere, jarduera batzuk besteak baino gehiago garatu dira. Arroza eta mandioka dira oraindik ere barne kontsumorako lantzen diren gai nagusiak; azukre kanabera eta kafea berriz industrialki lantzen dira, edota esportaziorako. Era berean, ale-balio handiko gaiak esportatzen ditu (banilla, iltzeak, esentzia olioak, litxiak…). Abere hazkundeak balio sinboliko handia du gizarte malgaxean; usadioz, zebuak hazten dira, eta ekoizpen berriak ari dira agertzen (foie grasa…). Arrantza ez da oraindik behar bezala ustiatzen. Lurpeko baliabideei dagokienez, kromita eta grafita bakarrik esportatzen dira kopuru esanguratsuetan. Industriaren alorrean, enpresak ertainak eta txikiak dira, barne merkatura zuzenduak ia denak, eta erdiak baino gehiago Antananarivon daude; industriak NPGren bosten bat hartzen du. Turismoak, itxaropen handiak ernatu baditu ere, inbertsio handiak behar ditu oraindik, ostatu azpiegituretan eta hegaldietan bereziki. ■ 1972ko “iraultzaz” gero, politika ekonomikoa nazionalista eta sozialista izan da (nazionalizazioak, frankoaren eremutik ateratzea), eta aldi berean inbertsioak indartu dira. Munduko krisiak agerian utzi zituen sistema horren alderdi ahulak –administrazioaren astuntasuna, gehiegizko zorrak, finantza publikoen defizita, inflazioa–, eta hala Madagaskarrek jaramon egin zien Nazioarteko Diru Funtsaren aholkuei, austeritate eta liberalizazioen bideari heltzeari dagokionez. Maileguei, kanpo zorrei eta erreformei esker emaitza hobeak lortu ditu BPGan, baina biztanleen diru sarreren desberdintasunak, hala ere, nabarmenak dira eta gizarte arazo larriak izan dira horren ondorioz. Biztanleen % 70 pobrezian bizi dira. ■ Historia. Madagaskarreko biztanleak K.o. lehen mila urteetan zehar uhartera heldu ziren indonesiar-malaysiarren eta han bizi ziren arabiar-afrikarren nahasketen ondorengoak dira. 1.500. urtean iritsi zen lehen europarra, Diogo Dias portugaldar itsasgizona, uhartera. XVII. mendearen bukaeran eta XVIII.aren hasieran piraten ezkutaleku izan zen uhartea. Armen eta esklaboen salerosketa zela eta malgatxe leinu (antemoro, antesaka, betsileo eta merina) batzuek erreinuak sortu zituzten uhartean. Horien artean ahaltsuena Merina erreinua izan zen, Andrianampoinimerina (1718-1810) erregearen aginpidean bateratu zena. Haren semeak, Radama I.ak (1810-1828), Maurizio uharteko britainiarren laguntzari esker, uhartearen parte handi bat menderatu zuen. XIX. mendearen erdialdean, Radama II.a europarrekin harremanetan hasi zen, eta aginpide handia eman zion Frantziako merkataritza konpainia bati; 1868an Merina erreinuak frantsesen esku utzi zuen ipar-ekialdeko kostaldea. Frantziak Merina erreinuko gudarostea 1895ean menderatu zuenean, Frantziak anexionatu eta haren babespeko herri bihurtu zen. Madagaskar lurraldeko lehen agintari frantsesak, Joseph-Simon Gallieni jeneralak, esklabotasuna debekatu zuen eta, 1897an, Ranavalona III.a, Merinako erregina, Maurizio uhartera erbesteratu zuen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Madagaskar Frantziako lurralde izan zen, itsasoaz haraindi zituenen arteko bat, Frantziako parlamentuan ordezkariak zituela. 1958an burujabetasuna eskuratu zuen, Frantses Erkidegoaren baitan, Errepublika Malgaxe izenpean, eta handik bi urtera askatasun osoa (1975. urtean hartu zuen Madagaskarko Errepublika Demokratikoa izena). Errepublikaren lehen lehendakaria Philibert Tsiranana izan zen. 1970az geroztik Frantziaren eta Madagaskarren arteko harremanek okerrera egin zuten; Madagaskarrek Frantziarekiko loturak eten eta ekonomiaren alor asko nazionalizatu egin ditu. 1976an betsimisaraka leinukoen eta Komore uharteko etorkinen artean istilu eta borroka latzak izan ziren; mila komorear inguru hil ziren, eta askok alde egin zuten Madagaskarretik. 1975ean Bigarren Errepublika onartu zen, Didier Ratsirakaren lehendakaritzapean, eta Madagaskarreko Iraultza Sozialistaren Estatutua, Liburuxka Gorria deitua, eman zen argitara. 1980az gero Madagaskarreko gobernua Frantzia, Estatu Batuak eta Komoreekiko harremanak hobetzen ahalegindu zen. ANP alderdiak (Assemblée nationale populaire), 1988an hautatu zuen Arema (Avant-garde de la révolution malgache: Iraultza Malgaxearen Abangoardia, Didier Ratsiraka buru zuena) taldea zela nagusi. Hark egin zuen ahaleginik handiena 1989ko abenduan lehen demokratizazio neurriak hartu zirenean (alderdi aniztasuna). Giro nahasian, oposizioak, Elizen Batzordearen laguntzarekin, “Indar Bizien Higikundea” antolatu zuen, eta Didier Ratsiraka lehendakariaren kontra gogor egin zuen, harik eta 1991ko uztailean, bere aldetik errepublikaren beste presidente bat (Rakotoharison jenerala), eta beste Lehen Ministroa (Albert Zafy), hautatu zituzten arte. Ez da jakiterik izan agindua izan ote zen ala ez, baina abuztuaren 10ean, manifestazio baketsu batean, tiro egin zuen presidentearen guardiak: ofizialki, 30 lagun hil zituen eta asko zauritu, Albert Zafy haien artean. Haren ondoren, oso manifestazio handiak egin ziren Antananarivon (haietako batean 300.000 pertsona bildu ziren). Urriaren 31n, azkenik, aurkitu zen irtenbide politiko bat: hemezortzi hilabeteko behin-behineko aldi batean, lehengo presidenteak eta Lehen Ministroak agintean jarraitu behar zuten, baina era berean Aginpide Goren bat ere eratu zen, A. Zafyren gidaritzapean, III. Errepublikarako trantsizioa egiteko. Haren kontra, Didier Ratsiraka eta haren jarraitzaileek erreibindikazio federalistak bultzatu zituzten, zenbait probintziatan estatu kolpe txikiak eragin zituztenak. Nolanahi ere, kaleko egoera baretzen hasi zen, konstituzio berri bat onartu (1992ko irailean aldarrikatua) eta presidentetzarako hauteskundeak egin zirenean; hauteskundeen bigarren itzuliak, 1993an, Zafyren garaipena sendotu zuen. Alabaina, gorabehera askoren ondoren, epaitegi nagusiak A. Zafy presidentea bere postutik eraitsi zuen, konstituzioak zioena ez betetzeaz salatuta. Ondorengo hauteskundeetan (1996ko abenduan), A. Zafyk hondoa jo zuen eta D. Ratsiraka nagusitu zen. Hark iraun zuen agintean 2001eko hauteskundeak arte; hauteskunde haietan Ravalomanak gehiengo absolutua lortu zuela aldarrikatu zuen lehen itzulian eta hauteskunde iruzurra izan zela salatu zuen, gobernuak AREMA alderdiko Ratsiraka izendatu zuelako garaile. Krisi politiko hark gerra zibila lehertzeko arriskua zabaldu zen 2002an, gizartea eta gudaroste malgaxea bitan banatu baitziren. Etnien arteko liskarra gehitu zitzaion liskar politikoari, eta gaur egun ere istilu handiak daude etnien artean. 2002ko legebiltzarrerako hauteskundeetan Ravalomanaren alderdi berria (TIM, Madagaskar maite dut) izan zen nagusi. 2006an beste bost urterako izendatu zuten Ravalomana, baina orduan ere iruzurra egin zuela salatu zuen oposizioak.
http://www.madagascar.gov.mg/