Madelein aldia
Goi Paleolitoko azken kultura, K.a. 14000 eta 9000. urteen artean data daitekeena. Frantziako La Madeleineko haitzulotik du izena. Aurrerapen tekniko handiak izan ziren garai honetan: tresna asko egin ziren, bai hezurrezkoak bai harrizkoak. Tresnetan bereizgarriena jaurtigailua (lehengo makina dei daitekeena) izan zen: lantza laburra jaurtitzeko tresna. Madalen aroaren bukaera aldera garrantzi handiko beste tresna bat asmatu zen, arkua. Arteak ere ordu arte ezagutu gabeko fintasuna lortu zuen Madalen aroan. Aipatzekoak dira Altamira, Font-de-Gaume eta Lascaux haitzuloetako ehiza pinturak. v Madelein aldia edo kultura Euskal Herrian. Historiaurreko garai oparenetakoa da Madalen aldia Europako hego-mendebalean eta Euskal Herrian. K.a. 17000 eta K.a. 9500-8500. urteen bitartean zabaldu zen aldi hau, Wurms izeneko azken glaziazioaren garaian, eta Goi Paleolitoko azken aldia izan zen, Solutre aldiaren ondoren eta Mesolitoko Azil aldiaren aurretik. Garai hotz haietan Cro-Magnon arrazako giza jendea bizi zen Euskal Herrian eta leizeak eta harpeak erabiltzen zituzten gizaki haiek etxe gisa. Ehiztariak ziren eta basoetako oreinak, orkatzak eta basurdeak, zabaldietako zaldiak, bisonteak eta elur-oreinak, eta mendi malkarretako basahuntzak eta sarrioak harrapatzen zituzten. Ibaietako eta itsasertzeko arrainak ezagutzen zituzten, eta soinbera jaleak ziren halaber. Bereziki landu zituzten, harriz nahiz hezurrez eginik, ehizarako armak (azkonak eta arpoiak batez ere) baina ez zuten abere hazkuntza ez laborantza ezagutzen. Azken glaziazioaren amaieraren lehen arrastoak agertu ziren orduko, Erdi Madalen aldian, guztiz areagotu ziren Europako alde honetako giza multzoen arteko harremanak. Madalen aldian gorpuztu zen historiaurrearen aztertzaile batzuek zibilizazio franko-kantrabiar deitu zuten kultura; hauxe da antzinateko euskaldunen kultura. v Madelein Aldiko garaiak eta Euskal Herriko aztarnategi nagusiak. Bost garai nagusi bereizten dira Madelein aroan. Lehen Madalen aldian (K.a. 17000-K.a. 15000) hasi zen itsasoaren maila pixkanaka igotzen eta harrizko eztenak eta hezurrezko azkonak dira nagusi landutako tresneriaren artean, tresneria hori pobre samarra den arren. Garai honetako aztarnak jaso dira Lumentxan (Lekeitio) eta Aitzbitarten (Errenteria). Behe Madalen aldiko (K.a. 15000-K.a. 13000) aztarnak aurkitu dira Santimamiñen (Kortezubi), Bolinkoban (Abadiño) eta Ermittian (Deba). Erdi Madalen aldian (K.a. 13000-K.a. 11500) asko ugaldu eta findu zen landutako tresneria, harrizkoa nahiz hezurrezkoa, eta garai horretakoak dira tresneriari loturiko lehen arte eta dekorazio lanak eta horma-pinturak (animalia eta, askoz gutxiago bada ere, giza irudiak). Nafarroa Behereko Isturitzeko leizea da, Euskal Herrian, garai honetako tresneria eta arte lan ederrenak eskaintzen dituena. Garai honetako aztarnak eta artelan ikusgarriak aurkitu dira, halaber, Berroberrian (Urdazuri), Aizpitarten (Errenteria), Urtiagan (Deba) eta Ekainen (Itziar). Goi Madalen aldikoak (K.a. 11500-K.a. 10300) dira Isturitzen, Lumentxan eta Berroberrian aurkituriko aztarna batzuk; ez dira argi bereizten Goi Madalen aldia eta Azken Madalen aldia (K.a. 10300-K.a. 8500). Garai honetako aztarna eta arte obra ugari aurkitu da Isturitze, Aitzbitarte, Berroberria, Lumentxa, Ekain, Torre (Oiartzun) eta Ermittiako leizeetan. Erdi Madalen aldiaren eta Azken Madalen aldiaren arteko urteetan (K.a. 13000-K.a. 9500-8500) egin ziren Euskal Herriko historiaurreko arte obra nagusiak, tresneria artea (Isturitze, Torre, Ekain, Urtiaga, Santimamiñe, Lumentxa, Berroberria) eta horma-irudiak (Santimamiñe, Altxerri, Ekain, Alkerdi, Haristoi, Erberua, Xaxixiloaga, Etxeberri, Sinhikoleko Karbia).