Machado y Ruiz, Antonio
Espainiar olerkaria, Manuel Machadoren anaia (Sevilla, 1875 - Colliure, 1939). Familia liberal batean sortu zen, eta Madrilgo «Institución Libre de Enseñanza» erakundean egin zituen ikasketak. Parisen ere bizi izan zen, eta 1907tik aurrera frantseseko irakasle izan zen Soriako Lizeoan. Bere garaikideen modernismoa alde batera utzi, eta «betiereko poesia» deitzen zuena, analisiaz baino intuizioaz osatuagoa, hartu zuen jomugatzat. Gaztelako bizimoduak eta emazte gaztearen galerak eragin handia izan zuten haren poesian. Hiru aldi bereiz daiteke haren poesian: lehena, Soledades (1902, Bakardadeak), Soledades, galerías y otros poemas (1907) Verlaineren eta Ruben Darioren eraginpean idatzi zituen lanek osatua; bigarrena, Campos de Castilla (1912) idatzi zuen garaia, barne begirada soila utzi eta Gaztelako ikuspegia poesian islatu nahi izan zuena; hirugarrena, Nuevas canciones (1924, Kantu berriak) eta Cancionero apócrifo (1924tik aurrera), bizitzaren eta izatearen gaia eta olerkariaren bakardadea azaltzen dituena. Bere anaia Manuelekin zenbait antzerki obra idatzi zituen La Lola se va a los puertos (1929), La prima Fernanda (1931), beste lan batzuen artean. Errepublikazale sutsua baitzen, Espainiako gerra galduta ikusi zuenean (1939) Frantziara alde egin zuen erbesteraturik, eta Colliuren hil zen, iparraldeko Katalunian, urte hartan berean.