llama
iz. Zool. Artiodaktiloen ordenako kamelidoen familiako ugaztun iletsua, 1,20 m inguru garaia besagaineraino eta 1,60-1,80 buru gaineraino (Lama glama edo Lama peruana). Gorpuzkeraz guanakoa baino sendoagoa da, eta hark baino lepo laburragoa du. Oso ile sarria eta trinkoa du, kolorez zuria, gorria eta grisa. Boliviako, Peruko, Txileko eta Argentinako goi-ordokietan bizi da. Batez ere kargarako hazten dute lurralde horietako indiarrek, baina jateko aintzat hartua da.